Iturripe gotorleku bihurtu nahi dute

Julen Murua Mesonero 2025eko azaroaren 28a

Nerea Kabue baloiarekin, aurkariz inguratuta.

Etxean jokatutako azken bi partiduak galdu egin ditu Smartlog Ointxe! taldeak. Bolada hori aldatzeko asmoarekin irtengo dira arrasatearrak kantxara zapatuan, 18:30ean, Talenom Boet Mataro taldearen aurkako partiduan.

Txapelketako lehenengo bi hilabeteak igarota, sailkapenaren erdialdean dago David Peñaren taldea. Aurreneko lau partiduetatik hiru irabazi ostean, arrasatearrek ez zuten lortu denboraldi hasiera onari jarraipena ematea, eta hurrengo hiru partiduak galdu zituzten. Hala, garrantzitsua izan zen haientzat joan den asteburuan Tarragonan jokatutako partidua garaipenaren bidera itzultzeko. Hortaz, hurrengo helburua ezarri du dagoeneko Ointxe!-k: "Etxean bi partidu jarraian galtzeak min egin zigun. Orain beste aukera bat dugu Iturripen talde zail bat garela erakusteko eta etxean gogorrak izateko".

Esperientzia batzen

Iazko denboraldia erronka handia izan zen moreentzat; izan ere, txapelketa berria izanik, jokalariek moldatu egin behar izan zuten LF2 liga. Aurten, abuztutik ia jokalari guztiekin entrenatzeko aukera izatea "oso onuragarria" izan da Peñarentzat, eta denboraldi hasierara "erritmo handiarekin iristea" eragin du. Gainera, iaztik taldean dauden jokalariek "aurrerapausoa" eman dutela eta txapelketa "hobeto" ezagutzen dutela dio entrenatzaileak. Haiei taldera batu diren jokalari berriak gehituta, lortu dute "partidu bakoitza esperientzia gehiago duten jokalariekin jokatzea".

Datorrenaren garrantzia

Datozen hiru jardunaldietan sailkapeneko erdialdean dauden taldeen aurka jokatuko du Smartlog Ointxe!-k; hain justu, arrasatearren antzeko emaitzak lortu dituzten taldeen kontra. Peñaren hitzetan, partidu horiek "eragin handia" izango dute sailkapenari dagokionez: "Uste dut anbiziotsuak eta konstanteak izan behar dugula hiru partiduetan. Erasoan asmatzea garrantzitsua izango da, eta, aurreneko jardunaldietako maila fisikoa berreskuratzen badugu, goiko postuei begira jartzeko aukera izango dugula uste dut". Izan ere, taldearen hasierako helburua "maila iaz bezain beste sufritu gabe mantentzea" bada ere, talde guztien aurka lehiakorrak izatea eta ahalik eta garaipen gehien lortzea da Peñaren asmoa, sailkapeneko goiko postuei begira jarri ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak