Yaman Mjahed: "Herria nitaz harro dago, eta horrek pozten nau"

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 28a

Richard Jacomeri irabazitako WOW 16ko borrokaldian, Bilbon. Argazkia: Yaman Mjahed.

Arte Martzial Mistoetako borrokalari arrasatearrak, oilar pisua utzita, euli pisuan egingo du debuta, gaur, Buesa Arenan, 18:00etan hasiko den WOW 24 jaialdian.

Yaman Mjahed El diamante (Arrasate, 2002) arte martzial mistoetako borrokalaria oktogonora bueltatuko da gaur, egubakoitza, Gasteizeko Buesa Arenan izango den WOW 24 jaialdian. Azken borrokaldia gaur egun UFCn dabilen Hecher Sosaren aurka galdu ostean, oilar pisua (61 kg) alde batera utzi eta euli-pisura egingo du jauzi (57 kg); Dominikar Errepublikako Deffy Humerren aurka indarrak neurtuko ditu. Horregatik, lehiaren atariko sentsazioak partekatu dizkio GOIENAri Mjahedek.

Nola daramatzazu prestaketaren azken uneak? Gogotsu zaude?

Oso ondo; nire taldekide guztiekin oso lan profesionala egin dugu training camp osoan. Azken pisu jaitsiera prestatzen ari gara eta dena kontrolpean dago; oso gogotsu nago, beraz.

Urduritasun puntu bat ere izango duzu, ezta?

Noski, beti hor dago urduritasuna, eta horrela izan behar duela uste dut. Urduritasunik sentituko ez banu, borrokaldiak ez lidake hainbeste axolako. Esfortzu eta sakrifizio handia jarri dugu, eta urduritasun puntua izatea ezinbestekoa da oktogonora igotzen naizenean, borrokaldia sentitzeko. Lehiaren sentimendua hor daukat, eta hori bide onetik noan seinale da.

Hiru garaipenen ostean, Hecher Sosaren aurkako azken borrokaldia galdu egin zenuen. Gogorra izan da horri buelta emateko prozesua?

Baietz esango nizuke, baina ez. Porrotak egunerokotasunaren parte direla esango nuke; norberaren esku dago hori nola kudeatu. Guztiok galdu dugu kirolean edo bizitzan, eta, horrelakoetan, umiltasunez, galtzera eraman zaituena zer izan den onartu, akzioa egin, eta indartsuago bueltatu behar da. Sosaren aurkako borrokaldia galdu nuenean, nire taldearekin elkartu eta gauza batzuk aldatu nituen, Orain, nire ibilbideko training camp onena egin dut eta inoizko egoera fisiko eta psikologiko onenean nago. Gaur, eskerrak ematen dizkiot Jaungoikoari, borroka hura galtzeagatik. Nire ametsak betetzeko beharrezkoa dudan perspektiba bat eman zidan. Horregatik, nire esku dago porrot hura etorkizunean garaipen bihurtzea, eta garaipen hori ostiral honetan iritsiko da.

Porrotetatik garaipenetatik baino gehiago ikasten dela esaten dute. Ados zaude?

Bai, noski: garaipenek lokartu egiten zaituzte; eta porrotek, esnatu. Pertsonalki, neutraltasunean mantentzen saiatzen naiz, eta garaipenetatik zein porrotetatik ikasten saiatzen naiz. Baina egia da porrota sentitu egiten dela eta min ematen duela. Azken finean, niretzat garrantzitsua delako da hori. Horregatik, porrotetatik ikastea betebeharra da.

Euli pisuan debuta egingo duzu. Porrotak eragindako erabakia da ala lehenagotik datorren zerbait?

Ez bata eta ez bestea. Orain arte inork lortu ez duena egitea proposatu diot neure buruari, eta hortik dator erabakia. Denborak erakutsiko du denboraldi berri honetarako proposatu dudana lortu dezakedan edo ez. Ni ziur nago, hori lortzeko dena daukat: taldea, adina, denbora, dedikazioa, pentsamoldea eta nahia. Horregatik, badakit gertatuko dela; ez dizut zer den esango, kar-kar, denborak esango du hori.

Agian, norbaitek esango du lau kilo galtzea erraza dela, baina kirolari profesional batentzat ez da prozesu erraza, ezta?

Hori da, ez da erraza. Baina esan dizudan moduan, talde profesionala dut atzetik. Kanpamentua denbora askorekin hasi genuen eta dieta oso ona eraman ahal izan dut. Nire fisikoa goitik behera aldatu dugu, gantza galduz eta muskulua irabaziz. Nire bertuteak mantendu ditut eta borrokaldiaren aste honetan 70 kilorekin dudan indarrarekin nago. Nire pisu naturalera bueltatzen naizenean, orain egiten ari naizen lana nabaritu egingo da eta munduak hori ikusiko du.

Kanpamentua aipatu duzu; nola funtzionatzen du horrek?

Kanpamentua borrokaldi jakin bateko prestaketa garaiari esaten zaio. Nik beti kanpamentuan nagoela esaten dut, borrokaldirik ez dudanean ere entrenatzen naizelako, kargak erregulatuz, noski, gizakiak gara eta. Hala ere, beti prest egotea gustatzen zait, borrokaldia noiz izango den esaten didatenerako.

"EZIN DUZU MAKILATXO BAT GAITZETSI, BEGIA ATERA DAKIZUKEELAKO"

Nolakoa da Delffy Hamer zure aurkaria?

Ezin duzu makilatxo bat gaitzetsi, begia atera dakizukeelako. Oktogonora igotzen dena prestatuta dago eta nire aurkaria ez da gutxiago. Hark egiten duena ikusten dut, baina nire borrokatzeko era ez dut baldintzatzen. Neure buruan jartzen dut arreta, eta ondo egiten dudana ezin hobeto egin gura izaten dut.

Gasteizen lehiatuta, arrasatear ugari bertaratuko dira zu ikustera. Pozik zaude horrekin?

Arrasate guztia egongo da bertan. Kalean noanean jendeak gelditu egiten nau eta sarrerak dituela esaten dit; asko gustatzen zait hori, karkar. Herria nitaz harro dagoela ikusteak oso pozik jartzen nau. Maider Morras alkatea ere gonbidatu nuen; hura ezingo da etorri, baina Udaleko bi zinegotzi etorriko dira borrokaldia ikustera. Buesa Arenan Arrasate ordezkatzea amets bat da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak