2000. urtean egin zuen Arrasateko Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak lehenengo zarzuela emanaldia, eta asteburuan estreinatuko dute azken ikuskizuna; taularen gainean izango dira hastapenetatik elkarteko kide diren Ruth Osinaga (Arrasate, 1973) eta Juanjo Del Valle (Arrasate, 1950).
Zarzuela berria estreinatzeko atarian, zelan zaudete?
Ruth Osinaga: Sekulako ilusioarekin, urtero moduan. Nork berea ahal duen ondoen egin eta denon artean herriak herriari egindako ikuskizun ederra eskaintzeko gogotsu.
Juanjo Del Valle: Lan handia egin dugu eta sekulako ilusioa dut nik ere. Emaitza ona izango dela uste dut, eta hala izatea gurako nuke, hiru egunetan Amaia antzokia betetzetik gertu izango gara-eta, beste behin.
Gogoratzen duzue nola hasi zineten?
R.O.: Tere Gonzalezekin kantuko eskolak jasotzen ari nintzen, eta, beste pertsona batzuekin batera lantzen ari ziren proiektuan parte hartzea eskaini zidanean, segituan eman nion baiezkoa. Pertsonalki eta talde moduan erronka oso polita iruditu zitzaidan eta urtez urte ikuskizunen kalitatea hazten joan da.
J.V.: SUDC elkartearen lokal zaharrean batzar bat egin genuela gogoratzen dut nik. Herriko abesbatzetan ari ginenei deitu ziguten proiektua abiatu nahi zuen Tere Gonzalezek eta beste lagun batzuek. Baiezkoa eman nion, betidanik gustatu izan zait-eta kantatzea; pentsa, 7 urte nituela Mirentxu zarzuelan hartu nuen parte, eta, gerora, koru askotan ibili izan naiz eta oraindik ere banabil.
Lehenengo ikuskizunean zein roletan izan zineten?
R.O.: Lehenengo urtean, arrazoi pertsonalengatik ez nintzen oholtzaren gainean egon, eta leihatilan egon nintzen, gustura asko, eta oholtzaren atzean gainontzekoei laguntzen ere bai. Bigarren urtean Katiuska egin genuenean, protagonista papera izan nuen, eta, hurrengo urteetan ere, Cristina Cubillorekin sarritan, protagonista izan naiz hainbat alditan.
J.V.: Abesbatzako kide izan naiz zarzuela guztietan. La tabernera del puerto izan zen lehenengoa, eta gogoan dut oso urduri geundela; kantatzera ohituta geunden, baina zarzuela batek eskatzen duen antzezpenak egitera, ez eta erronka zen hori.
Zer eman dizue Izaskun Murgia elkarteak pertsonalki zuei?
R.O.: Asko eta dena. Adin eta toki askotariko jendeak osatzen duen talde zabala da, eta oso aberasgarria da hori. Arrasate Musikalen ikasi dudana publikoaren aurrean erakusteko aukera eman dit, eta geroago konturatu naiz nire lotsati izaerari aurre egiten ere lagundu didala horrek.
J.V.: Momentu polit asko eman dizkit niri ere. Zarzuela guztiak ezberdinak izan dira, eta satisfazio handia da jendeak nolako harrera egiten digun; hortaz, zu pozik eta publikoa ere bai, ez da gutxi!
Eta zer zuek elkarteari?
R.O.: Nire onena ematen saiatzen naiz beti. Zortez, uste dut eta harrokeriatan jausteko asmo barik, ahots ona daukat, eta dramatiko samarra ere banaiz, gustuko dut antzeztea ere. Eta gero, kalean jasotzen dituzun eskertze- eta zorion-mezuak ikaragarriak dira!
J.V.: Nire borondate on dana eta denbora ere bai.
Eta Izaskun Murgia Elkarte Lirikoak herriari eta eskualdeari?
R.O.: Esango nuke azaroko zarzuela-emanaldien zain egoten dela jende asko. Aspalditik zegoen zarzuela-zaletasuna herrian, eta gu hasi ginenean igartzen zen hori, nahiz eta bazegoen gustatzen ez zitzaion jendea ere, baina gaur egun publikoa zabalagoa dela esango nuke.
J.V.: Garai baten herrian zegoen ohitura bat berreskuratu du elkarteak, nire ustez.
Kantatzeko elkartu zarete, baina zelako elkartea da barrutik?
R.O.: Gure elkartean politena beti izan da bakoitzak bere onena ematen duela eta denon artean gauza handiak egin ditugula.
J.V.: Harreman oso ona dugu; horren erakusle da, adibidez, domeketan egiten ditugun entseguen ostean hogei bat lagun inguru ardotxo batzuk hartzera joaten garela. Adin askotarikoak gara eta sekulako lagun-harremana dugu hasieratik.
Nor gonbidatuko zenukete asteburuan Amaia antzokira?
R.O.: Urtero moduan, nire ama publikoan izango da, eta hari omenaldi pertsonala egin nahi diot oraingoan; eta nor gonbidatu? Bada, inoiz joan ez den jendea gonbidatuko nuke, herrikoek herrikoei eskainitako ikuskizunarekin gozatzera.
J.V.: Jende gaztea gonbidatuko nuke, zelako muntaia handia den ikus dezaten. Ikusiz gero, akaso gustatuko zaie, eta, gustatuz gero, gure taldera batzera ere animatuko daiteke norbait.
60 lagunetik gorako lantaldea, 25 urtean elkarrekin kantuan
Aurrekoekin alderatuz, ezberdina izango da eskainiko dutena; izan ere, obra zehatz bat beharrean, ibilbidean zehar egin dituzten zarzuelen gainbegiratua egingo dute oraingoan. "Emanaldiaren ildo nagusia abesbatzak antzeztuko dituen hainbat zarzuelatako zortzi abesti izango dira, eta abestien tartean aurkezpen txiki batzuk egongo dira eta pantaila baten gure ibilbidearen irudi batzuk erakutsiko ditugu", dio elkarteko kide Mertxe Salaberrik.
Asteburuan egingo dituzten ikuskizunak "eurekin bidean egon direnei eskerrak emateko" baliatu gura ditu elkarteak. "Zarzuela gehiago egiteko gogoz gaude, baina Amaia antzokiko obrak direla eta, oraingoz ez dugu, epe motzera, proiekturik aurreikusita".
Elkartasun zozketak
Harreman GKEk elkartasun zozketatarako txartelak salduko ditu hiru emanaldietan. Euro baten truke salduko dituzten txartelekin, tokiko eta bidezko merkataritzako produktuz osatutako otarreak irabazteko aukera izango da.