Arrasateko Udalak babesa eman dio Birziklanet hezkuntza-proiektuari

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko azaroaren 27a

Gaizka Eraña, Saleh Salek eta Maider Morras, plakarekin.

Saharar errefuxiatuen kanpamentuetan dauden ikastetxeetan arrakala digitala murriztea helburu duen proiektua diruz lagundu du, 6.000 eurorekin. Horrekin, hezkuntza baliabide teknologikoak hobetu eta hango irakasleen prestakuntza indartuko dituzte.

Azaroan egin duten bidaia programa horren hirugarren fasea izango da. Lehenengoetan, ordenagailuak eta bestelako ekipamenduak bidali zituzten eta irakasleei lehen prestakuntza saioak eman zizkieten. Fase berrian, ordenagailu gehiago, wifi antenak eta proiektoreak eraman dituzte, eta irakasleen formakuntza jarduerak egin.

Udalak eskerrak eman die proiektua garatzen ari diren pertsona eta erakundeei, bereziki Birziklanet proiektuari, Arizmendi Ikastolari eta Arrasaten errotuta dagoen Saharaldeba taldeari. Halaber, saharar kanpamenduetako hezkuntza arduradunei oroigarri bat bidaliko die. Oroigarri hori jaso dute, Maider Morras alkatearen eskutik, Saleh Salekek, Saharaldeba elkarteko arduradunak, eta Gaizka Erañak, Birziklanet proiektuko arduradunak. Zer dio plakak: Bi herri, bihotz bat askatasunera! Eskerrik asko Arrasateko Udalaren partez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak