Udazkeneko hitzaldi zikloa nola baloratzen duzue?
Urrian hasi genuen, Hitzaurrea soinu-esperientziarekin eta parte hartu zutenak oso gustura aritu ziren, oso ekimen originala zela esan ziguten. Bi mahai-inguruei dagokienez, oso harrera ona izan dute eta oso interesgarriak izan dira landutako gaiak, bereziki adimen artifizialarena, sorkuntza arloan zeresan handia ematen ari delako gai hori. Pozik gaude.
Zergatik aukeratu dituzue gai horiek?
Urtero saiatzen gara euskarari eragiten dioten askotariko ertzak aztertzen. Disidentzia eta kultura landu izan ditugu eta, aurten, digitalizazioa eta adimen artifiziala aukeratu ditugu.
Elkarteak barne-mailan hainbat aldaketa izan ditu. Zeintzuk dira esanguratsuenak?
Alde batetik, koordinatzaile lanak egiteko ardura nik hartu dut. Beste alde batetik, Ttak gazte taldeko arduraduna Aizpea Otxandiano da orain, Gorka Davila ordezkatuta.
Ardurak ere banatu egin dituzue.
Hala da. Aizpeak, esaterako, Ttaken arduraz gain, kultura gaien ardura ere hartu du, bertso saioena edota literatura lehiaketena. Kudeaketa gaiak, dirulaguntzak eta bestelakoak, Ikuska Lizarraldek daramatza; aktibazioa eta mintzapraktika taldeak Nerea Zugastik koordinatzen ditu eta nik, azkenik, guztia koordinatzen dut, nagusiki Geike mahaian eta Taupa mugimenduko dinamiketan parte hartzen.

Koordinatzaile lanei erritmoa hartu diezu dagoeneko?
Egia da beldur apur batekin sartu nintzela, Itxaro Artola urte luzez aritu izan delako lanean eta esperientzia handia duelako. Hori dela eta, erronka potoloa nuen aurretik eta lur hartzea kosta egin zitzaidan. Edozelan ere, oso pozik nago, lankide guztiak ezagutzen nituelako aurrez, Euskaraldiko dinamizatzaile izan nintzelako. Banekien lantalde ona izango nuela eta hala izaten ari da. Gustura ari naiz. Bide batez, aprobetxatuko dut Itxarori eskerrak emateko, elkartearen izenean, egin duen lan guztiagatik.
Erronka potoloa aipatu duzu. Hala da, ezta?
Zalantza barik. Euskara elkarteek ardura handia dute herrietan; are gehiago azkenaldi honetan, euskara jasaten ari den oldarraldia kontuan hartuta. Herritarren kontzientzia, hein batean, galdu egin da eta zaila da hori berreskuratzea. Beraz, erronka potoloa dugu aurretik eta nik ere erronka horren zati bat hartzen dut nire gain.
Nola ikusten duzue euskararen egoera Arrasaten?
Pertsonalki, uste dut Arrasaten badagoela indar bat eta badagoela euskaltzale talde bat prest eta gogotsu indarrak batu eta aurrera egiteko. Hala ere, oro har, gazte zein helduen kontzientzia eta aktibazioa falta dela esango nuke.
"Euskararekiko kontzientzia, hein batean, galdu egin da eta zaila da hori berreskuratzea. Beraz, erronka potoloa dugu aurretik"
Euskararen Eguna ere badator. Horretarako baliatuko duzue?
Bai, egun osoko egitaraua antolatu dugu. 13:00etan, ikastetxeen elkarretaratzeak egingo ditugu eta arratsaldean, berriz, herritarrei zuzendutako ekintzak. 17:00etan, umeendako jolasak eta aurpegi margotzea izango dira eta, 18:00etan, argazki erraldoi bat ateratzea gurako genuke. Euskalgintzako Kontseiluak ekitaldi politiko-kultural bat antolatu du abenduaren 27rako Bilbon, pizkunde garaia dela aldarrikatzeko, eta horri begirako argazkia izango da, Piztu dezagun euskara lelopean. Azkenik, txokolate beroarekin borobilduko dugu eguna.
Zer proiektu nagusitu ditu esku artean AEDk?
Taupa Mugimendutik iritsi zaigun proiektu interesgarri batekin ari gara lanean orain. Maiatzean izango da, baina oraindik aurkeztu ez dutenez, ezin dugu aurreratu. Era berean, aipatu dudan Euskalgintzako Kontseiluaren ekimena hauspotzen eta zabaltzen hasiko gara, herritarrak aktibatzeko asmoz. Horrez gain, santamasetako bertso-saioa ere badator.
Osasuntsu dago AED elkartea?
Baietz esango nuke. Gainera, aire eraberrituak beti ematen ditu indarrak lanean jarraitzeko. 570 bazkide ditu gaur egun eta mintzapraktikan 60 kide ari dira, lau taldetan banatuta.
Ttak taldeak martxa onean jarraitzen du?
Bai. Ohiko ekimenekin jarraitzen dute, motibazio saioekin zein aurkezpenekin. Gainera, aurten, berrikuntza modura, askotariko testuinguru soziolinguistikoetako gazte asanbladako biltzeko helburua duen TindEHEr ekimenean hartuko dute parte, Meatzaldeko talde batekin match eginda. Hala, abenduaren 26rako prestatuko dute egitaraua.