Arizmendi Ikastolako Lagunen Taldea aurkeztuko dute eguaztenean –azaroak 26– Arrasateko Gaztelupe gunean, 18:30ean. Guztira, 30 lagun inguruko taldea sortu da eta hiru azpitalde izango dituela iragarri dute –herri bakoitzeko talde bat hain zuzen–.
Aurkezpenarekin hasteko, taldearen nondik norakoaz jardungo dute, Ikastola Lagunen zergatia eta zertarakoa azalduz. Ondoren, Arizmendi Ikastolak herri bakoitzean duen egoeraren inguruan ariko dira, besteak beste, Illart Azkarate zuzendariaren eskutik, eta, amaitzeko, epe motzari begirako funtzionamenduaren berri emango dute. Galderetarako tartea ere egongo da.
Ikastola eredua ezagutarazteko asmoa
Arizmendi Ikastolan martxan jarri den taldea, beste herri batzuetan abian dagoen Ikastola Lagunen Elkartera batuko da. Ekimenaren helburua, ikastolen eredua ezagutzera ematea da. Izan ere, taldetik adierazi dutenez, belaunaldi gazteek batez ere, "ezer gutxi ezagutzen dute" ikastolen inguruan, eta, horregatik, "Azken laurogei urteetan lan egin duten gizon eta emakume euskaldunen ahaleginak" balorean jarri eta ezagutzera eman gura dituzte. "Gizon emakume haien ametsak egun ere euskaldun sentitzen garenon ametsak jarraitzen dutelako izaten", gaineratu dute.