Birziklanet ekimenak mugak gainditu ditu

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko azaroaren 24a

Arizmendiko Lanbide Heziketakoen ekimenak "aitortza beroa" jaso du Senegalgo Mbam herriko eskola baten partetik, jasotako azken ordenagailu sortaren ondorioz. Izan ere, ikasleek prestatuta eta Yaakar elkartearekin elkarlanean bidali zizkieten hainbat ordenagailu.

Horrez gain, Mirkoinformatikako ikasleek eta irakasleek beste ekintza batzuk ere egin dituzte. Euren ingurune hurbilenean ere, baztertutako material informatikoa berreskuratzeko eta prestatzeko lanari esker, hainbat dohaintza egin ahal izan dituzte.

Azkenaldian, materiala jaso duten inguruko elkarte eta eragileak honako hauek dira: Ekin Emakumeak Elkartea, Arrasateko Saharar Elkartea eta Txantxiku Ikastola.

Lankidetza internazionala ez da Senegalen amaitzen. Izan ere, Mikroinformatikakoak buru-belarri ari dira lanean hurrengo proiektuari erantzuteko: Ghanako Lanbide Heziketako eskola bateko ikasleen ordenagailu gela bat mahaigaineko ordenagailuekin hornitzea.

Proiektu horien arrakasta, azaldu dutenez, ez litzateke posible izango inguruko enpresa eta erakundeen ekarpenik gabe. "Hori dela eta, Arizmendiko Lanbide Heziketatik eskerrak eman nahi dizkiegu azken hilabeteetan baztertutako material informatikoa eman diguten enpresa guztiei. Zuen ekarpenari esker, material horri bigarren bizitza bat eman diezaiokegu, hezkuntza-helburuetarako erabiliz eta ingurumena zaintzen lagunduz. Zuen kolaborazioa funtsezkoa da gure ikasleek gaitasun profesionalak garatu eta, aldi berean, denon artean gizartearen eraldaketan eragiteko".