Portaloiko arkuko obrak urtarrilaren 12an hasiko dira

Hasier Larrea 2025eko azaroaren 21a

Arrasateko Udalak esleitu ditu Portaloiko arkua eraberritzeko lanak, eta obrak 2026ko urtarrilaren 12an hasiko dira, Gabonetako jaiak igaro ondoren. Helburua arkuaren kontserbazioa eta babesa hobetzea da, ondare historikoa zaintzeko udal planaren barruan.

Obrak hasterakoan, aldamioak jarriko dira arkuaren inguruan, eta horrek eragina izango du ibilgailuen zirkulazioan. Une jakin batzuetan trafikoa eten beharko da, nahiz eta Udalak adierazi duen "alternatibak" prestatzen ari direla "herritarren egunerokoa ahalik eta gutxien baldintzatzeko". Maider Morras alkateak azaldu du obrak ez direla Gabonen aurretik hasiko, jai-garaian sortzen den jarduera komertziala eta soziala kaltetu ez dadin.

2022an gertatutako harri-jausiaren ondoren, azterketa teknikoek egiaztatu zuten arkuaren egitura ez zegoela arriskuan, baina zikinkeria, mikroorganismoak eta higadura zantzuak aurkitu zituzten harrian. Hori dela eta, adituek kontsolidazio eta zaharberritze lanak gomendatu zituzten, eta Udalak lan horiek egitea lehenetsi du.

Esku-hartze zorrotza

Esku-hartzeak hainbat lan mota jasoko ditu: harriaren garbiketa sakona egingo da, hondakinak, mortero zaharrak, goroldioak eta likenak kentzeko; aurreko konponketa desegokiak kendu eta harlanduak mortero bereziekin berreraikiko dira; juntak berriro ireki eta beteko dira, jatorrizko itxura eta testura zainduz. Halaber, babes hidrofugoak eta pintaden aurkako tratamenduak aplikatuko dira.

Lanek bi hilabeteko iraupena izango dute, eta, beraz, obrak martxora arte luzatzea aurreikusten da. Aurrekontua 36.111,78 eurokoa da (BEZ barne), eta lanen ardura HARRI Construcciones y mampostería SL enpresak izango du.

Portaloia babes bereziko ondare elementua denez, esku-hartze guztiek araudi zehatza bete beharko dute. Udalak azpimarratu du helburua ez dela soilik elementua berritzea, baizik eta "Arrasateko memoria historikoa eta nortasun kulturala babestea, Portaloia bezalako ikurrek herriaren iraganarekin eta etorkizunarekin lotura zuzena mantentzen dutelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak