Benjaminetatik hasi eta masterretaraino, guztira, 130 kide inguruk osatutako taldea eratu du aurten Arrasate Atletiko Taldeak. Urtez urte gora egiten du kide kopuruak, eta taldean "pozik" daude horrekin. Gainera, beste kirol askotan ez bezala, neskak dira gehiengoa kategoria guztietan. "Egia esan, poztasuna da hainbeste neska izatea taldean", azaldu du Arrasate Atletiko Taldeko entrenatzaile Eukene Dorronsorok. Hala ere, badira kide gorakadak eragiten dituen bestelako arazoak, kategoria batzuetan, "kopuru limitea" jarri behar izan baitute, haur eta gazte kopurua, taldean dabiltzan monitoreetara egokitzeko.
Neguko denboraldian sartuta
Negu sasoian pista estalia eta krosa egiten du taldeak. Pista estaliko denboraldia hastear dago, abenduaren 7an izango da lehenengo lehiaketa. Bertara kadete, gazte eta 23 urtez azpiko atletak joango dira, eta, printzipioz, distantzia motzetan eta hesietan ariko dira. Kros denboraldia, berriz, hasita dago jada, eta lasterketa guztietara benjamin, alebin eta infantil mailetako ordezkaritza eramaten ari da taldea. "Dagoeneko Lasarten eta Orion izan gara, eta 26 gazte eraman genituen kros haietara, eta Oñatiko krosean eta ia 30 gazte izango dira", dio Jon Ormaetxeak, Arrasate Atletiko Taldeko zuzendariak. Emaitzak ere hasi dira iristen, eta, adibidez, Nile Agirretxek Orioko VII. Kamel Ziani krosa irabazi zuen.
Pista berrian "gustura"
Bestetik, urtebete dabiltza dagoeneko Arrasateko Udalak egokitutako pista more berrian entrenatzen. Iaz, Mojategiko harmailetan eta Garagartzako bidean entrenatzen hasi zuten denboraldia, eta arlo horretan "aldea dagoela" esan du Dorronsorok. Entrenatzaileak gehitu duenez, orokorrean "ondo" dabiltza instalazio berrian, baina pisten zaintza "gehiago kontrolatu" beharko litzatekeela esan du, "bizikleta eta patinete ugari" ibiltzen direlako sartu-irtenean.
Etorkizunera begira
Arrasate Atletiko Taldearen asmoa hazten jarraitzea da, eta, bide horretan, atletismoko liga dute begiz jota. "Ligan, futbolean bezala, mailak daude, eta parte hartzeko, hogei probetako bakoitzera, bi atleta eraman behar ditugu. Gaur-gaurkoz, Irungo taldearekin joaten gara lehiaketa horietara, haiekin filiala garelako", azaldu du Dorronsorok. "Guri, batez ere, jaurtiketa luzeetan diharduten atletak falta zaizkigu; gainera, Arrasaten hori ezin dugu entrenatu. Pertika- eta altuera-jauzietan ere falta zaizkigu atletak", dio Ormaetxeak. Duela urte batzuk gizonezkoetan bazegoen taldea, eta etorkizunean berriro lortzeak taldeak egiten duen lanari "prestigioa" emango liokeela gaineratu du Dorronsorok.
Hala ere, badira etorkizun hurbilerako begiz jota dituzten helburuak ere. "Ordizian izango den Gipuzkoako Txapelketan lehiatu gura dugu, taldeka, maila eskolarrean. Infantil mailako nesketan sei edo zazpi atleta ariko dira eta lehenengo lau nesken denborak hartuko dituzte kontuan. Ea zer irteten den", amaitu du Ormaetxeak.
"Txikitatik gustatu izan zait mendia, lokatza eta zikintzea"

Arrasate Atletiko Taldeak hasi du kroseko denboraldia. Domekan, Orioko VII. Kamel Ziani krosean ia 30 atleta izan ziren; haien artean, infantil nesketan gailendu zen Nile Agirretxe (Aretxabaleta, 2012).
Nola hasi duzu denboraldia?
Ez nintzen ondo hasi, baina, entrenamenduekin, pixkanaka hobetzen joan naiz, eta hobekuntza nabaritu dut, gustura nabil.
Neguan krosa egiten duzu; zergatik?
Txikitatik gustatu izan zait mendira joatea, lokatzetan ibiltzea eta zikintzea. Neguan, pista baino gehiago disfrutatzen dut krosa eta horregatik egiten dut.
Nolakoa izan zen Orioko lasterketa?
Azkarregi hasi nintzen, baina erritmoa jaisten jakin nuen. Ondoren erasoa jo ahal izan nion bigarren sailkatu zenari, eta atzean utzi nuen. Sentsazio onak izan nituen lasterketa osoan eta pozik nago.
Lasterketa gehiago egingo dituzu?
Bai; lehenengo, Gipuzkoako Txapelketa lehiatuko dut, eta Euskadiko Txapelketara joaterik badut, bertan emaitza ona lortu nahiko nuke.
Txirrindularitzan ere bazabiltza, ezta?
Bai, neguan krosa egiten dut eta udaberrian txirrindularitzan lehiatzen aritzen naiz. Ez da erraza bi kirolak bateratzea baina oraindik moldatzen naiz.
Bi kiroletako bat aukeratu beharraren presioa nabari duzu?
Ez, oraindik ez. Momentuz, bi kirolak disfrutatzen eta probatzen nabil. Helduko da bi kiroletako bat aukeratzeko momentua baina ez nago prest horretarako.