Handik hona

Carlos Gomez: "Jaioterritik 10.000 kilometrora nago, baina etxean sentitzen naiz"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025eko azaroaren 24a

'Letxu', Debagoieneko Mankomunitatearen ondoko biribilgunean, astelehen eguerdian. (Argazkia: I.A.A.).

Letxu izenez ezagutzen dute gehienek Carlos Gomez (Bogota, Kolonbia, 1993) herrian. Amak jarri zion ezizen hori, duela 15 urte inguru, barazkijalea delako.

Nolakoa zen zure bizitza han?

Oso bizitza arrunta eta lasaia neukan. Lehen 10 urteetan landa eremuan bizi izan nintzen. Nire amonarekin, izebekin eta amarekin hazi nintzen, nekazarien familia batean. Lehen Hezkuntza amaitu nuenean, ikasketekin jarraitzeko, joan-etorri handia egin behar nuen. Imajinatu, Arrasatetik Gasteizera, baina oinez edo bizikletan. Nire gurasoek erabaki zuten hiriburura lekualdatzea. Gainera, ordura arte, nire aitak han egiten zuen lan, eta asteburuetan etortzen zen bisitan. Periferiako auzo batean hazi nintzen. Auzolanean jaiotako haurra izanik, hiri handi batekin egin nuen talka. 12-13 urterekin politikarekiko interesa piztu zitzaidan.

Adin horretan ez da ohikoena.

Askorendako marjinala zen biolentzia askoko auzo batean hazi nintzen. 12 urteko ume batek leku hartan bizitzeko behar zuen garantiarik ez nuen. Politikarekin interesatu nintzen. 18 urterekin bizitza normala egiten hasi nintzen. Lan egin, etxean ekarpena egiteko. Horrelakoa, 26-27 urte bete arte.

Noiz irten zinen Kolonbiatik?

2022ko maiatzaren 17an. Madrilera iritsi eta zuzenean, Euskal Herrira etorri nintzen. Hasieran, Bermeoko harrera etxe batean egon nintzen. Han lau hilabetez egon nintzen. Ikasten aritu eta boluntariotza lanak egin nituen. Oso ondo geunden, baina Madrilera joan nintzen; dena den, lau hilabetera Arrasatera etorri nintzen. Beti esaldi hau erabiltzen dut: "Ni nire jaioterritik 10.000 kilometrora nago, baina etxean sentitzen naiz". Arrasatez hitz egiten dudanean nire herritxoa-z hitz egiten dut. Nire herritxoa deitzen diot nire herria delako eta pertsona bezala hazten lagundu didalako.

"Euskal Herria dena euskaldunengatik da, eta hori gustatzen zait"

Zuk aukeratu zenuen Euskal Herrira etortzea?

Bageneukan Euskal Herriaren berri. Lagun batzuek 2016an hitz egin genuen, eta itsasoa zeukan eta hotz egiten zuen leku batera joan nahi genuen: Bilbora. Nire laguna ni baino lehenago iritsi zen Bilbora, baina, kontaktuak eginda, Bermeoko harrera-etxera iritsi zen. Geroago iritsi ginenok hara joan ginen.

Zailena zer izan da?

Hiru gauza, niretzat oso barregarriak direnak. Euskalkiak; nik ikasten dudana ez da nik entzuten dudana, normalean. Bestalde, nire herrialdean ez dago urtarorik. Hemen ia 4 urte bizi ostean, graziosoa da, baina nire erloju biologikoak esaten dit 18:00etan gaua dela eta 05:00etan eguna. Oraindik, asko kostatzen zait. Azkenik, euskaldunak kulturalki, hasiera batean, oso itxiak direla. Gu, latinoamerikar bezala, irekiak gara. Euskaldunekin denborarekin egiten zara lagun, baina, behin lagun eginda, betirako dira.

Zertan dira berdin Euskal Herria eta Kolonbia?

Sentitzen dut behin euskaldunak ezagututa beroak direla, lagunkoiak eta lagundu egiten dizutenak. Ezberdintasun kultural pila dauzkagu zentzu guztietan, baina kasu horretan antzekoak gara.

Euskal Herrira iritsi zinenean zerk harritu zintuen?

Ironiarekin esango dut hau: Arrain Azoka Egunean iritsi nintzen Bermeora. Pastel pila ikusi nituen esbaskitekin. Beti txiste bera egiten dut. Nik ez nekien lauburua zer zen; esbastika zela uste nuen. "Non sartu naiz?", pentsatu nuen. Lauburua zela esan zidaten, eta hortik sortu da esbaskitaren txistea. Itsasoa ere hemen ezagutu dut.

"Norberaren herrialdetik irteten diren guztien desira da itzultzea"

Ezer igartzen duzu faltan?

Janaria. Nahiz eta berdin eta osagai berdinekin prestatu, ez da berdin geratzen. Nire lagunak eta familia ere bai.

Nongoa sentitzen zara?

Asko maite ditut Euskal Herria eta euskaldunak. Euskal Herria dena euskaldunengatik da, eta hori gustatzen zait; baina ni kolonbiarra naiz. Nik errespetatzen eta aldarrikatzen dut hemengo kultura eta tradizioa, baina hangoa naiz.

Erraza da migrantea izatea Arrasaten?

Jaioterriaren arabera. Ez da gauza bera latinoamerikarra, afrikarra edo arabiarra izatea. Muga linguistikoak eragiten du. Azkenean, guk erdaraz badakigu, eta komunikatu gaitezke, eta, alde horretatik, segregazio gutxiago dago. Muga erlijiosoa, kulturala... ere badaude.

Gustatuko litzaizuke itzultzea?

Bai, baina ez dakit geratzeko edo bisitan joateko. Norberaren herrialdetik irteten diren guztien desira da itzultzea.

"Argi daukat ezin dudala bertakoena ez den hizkuntza bat inposatu"

Euskal Herrira iritsi aurretik hasi zen "euskara ikasten" Letxu: "Lagun bat ni baino lehen etorri zen Euskal Herrira eta hark esan zidan beste hizkuntza bat hitz egiten zela. Ikasten hasi nintzen, baina konturatu nintzen ikasten ari nintzen hizkuntza kataluniera zela". Hortaz, Bermeora iritsi bezain laster hasi zen euskara ikasten, ikastaro intentsibo batean, egunean bost orduz. Motibazioa ere bazuen: "Juanita izeneko emakume batekin bizi ginen, baina erdaraz ez zekien; bermeotarrez eta hika egiten zuen. Orduan, keinu bidez komunikatzen ginen, baina orain, gai naiz Juanitarekin elkarrizketa bat izateko. Niretzat, printzipio bezala, garrantzitsua da euskara ikastea. Nire azentuari ez diot uko egin, familiaren herentzia delako, baina argi daukat ezin dudala hemen bertakoena ez den hizkuntza bat inposatu".