Euskarak jasan dituen "azken bi injustiziak" salatzeko elkarretaratzea deitu du Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloa-k eguaztenerako. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak Mikel Manzisidor Ararteko izateko aukeratu izana salatuko dute. "Nola defendatuko gaitu euskaraz ez dakien Ararteko batek?", nabarmendu dute.
EAJk eta PSE-EEk Alderdi Popularrarekin hitzarmena sinatu izana deitoratu du protokoloak. "Zergatik hitzartu dute Arartekoa, zer eta euskal herritarren eskubideen defendatzailea, norekin eta PPrekin, eskubide eta askatasunen inboluzio bat ezartzeko mehatxu egiten diguten horiekin?".
Horrekin batera, bada beste motibo bat eguazteneko elkarretaratzean salaketa egiteko. Izan ere, aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoan euskararen ezagutza egiaztatzeko eta ebaluatzeko bi sistema berri egongo dira. Batetik, lan-eskaintza publikoetako azterketak euskaraz egitea eta, bestetik, laneko eginkizun eta zeregin gehienak euskaraz egiten direla frogatzea. "Aurrerantzean lanaldi publikoetan ez da euskara eskatuko, azterketa euskaraz eginda eta lanean euskaraz hitz eginda nahikoa izango da. Baina, zeinek kontrolatu behar du hori? Adarjotze bat da", adierazi dute.
