Guztira, Arrasate Atletiko Taldeko 30 atleta aritu ziren Orion atzo, domeka, VII. Kamel Ziani krosean. Infantil, Alebin eta Benjamin mailetan lehiatu zuten eta emaitza politak eskuratu zituzten hainbatek.
Emakumezkoen infantil mailan, 1500m-ko distantzian, Nile Agirretxek garaipena eskuratu zuen, eta Alaitz Berasaluce eta Anne Arrietak, lehen hamarretan sailkatzea lortu zuten –zazpigarren eta bederatzigarren amaitu zuten–. Gizonezkoen infantil mailan berriz, Jakes Berasaluce bakarrik aritu zen, eta honek ere hamar lehenengotan amaitu zuen, bederatzigarren zehazki.
Alebinei dagokionez, mutilek lortu zituzten emaitza azpimarragarrienak. Jurgi Davilak hirugarren postua eskuratu zuen eta Itoitz Herrera bosgarren sailkatu zen. Benjaminetan berriz, Alai Perez nabarmendu zen, emakumezkoen kategorian bigarren postua lortuz.
Luzera-jauzia eta pisua Mojategin
Bestetik, zapatuan, parte-hartze askeko probak izan ziren Mojategin. Luzera-jauzian eta pisuan lehiatzen aritu ziren Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Burgosetik etorritako hainbat atleta.
