'Joyas sobre ruedas' topaketaren bosgarren edizioak 70 auto batu ditu Arrasaten

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 15a

Red Dragons taldeak bosgarrez antolatu du gaur, zapatua, Joyas Sobre Ruedas auto zaharren topaketa solidarioa Arizmendiarrieta plazan. 25 urtetik gorako 70 auto inguru batu dituzte bertan, eta, tartean, ekimen solidarioak izan dira, elikagai bilketa esaterako. Autoei dagokionez, 1955eko Mercedes-Benz 220a Proton modeloa izan da jendearen gustukoena.

Auto zaharren bilgune bilakatu da beste behin Arrasateko Arizmendiarrieta plaza. Luntxa egin ostean, Joyas Sobre Ruedas topaketan parte hartu duten autoek, ordubeteko ibilbidea egin dute, eta, plazara bueltatu ostean, auto zaharrenari eta jendearen gogokoenari sari bana eman diete.

Aurten, auto bera izan da bi sarien garailea, 1955eko Mercedes-Benz 220a Proton modeloa hain zuzen. Hala ere, autoaren jabeak hala eskatuta, boto bakarrarengatik bigarren geratu den Araba Classic Clubeko Rover 2200 TC modeloak jaso du auto gogokoenaren saria. Sari banaketaren aurretik, minutuko isilunea egin dute, errepidean hildakoen omenez. 

Ekimen solidarioak izan dira

Red Dragons taldeko kide den Iban Marquezek azaldu duenez, antolatzen dituzten topaketa guztiek dute "puntu solidarioa", eta, horregatik, elikagai bankurako bilketa ere antolatu dute, eta hainbat poltsa bete dituzte. Bilketarekin batera, Abadiñoko Kalekatuak Elkarteari laguntzeko aukera izan da, tazak, poltsak edo elkartearen loteria erosiz. Marquez "pozik" agertu da ekimenak izandako harrerarekin. "70 auto inguruk eta 100 pertsonek hartu dute parte, giro polita dago eta pozik gaude", esan du. 

Goiz osoan ez da jan edana falta izan, eta, gainera, topaketarekin amaitzeko, hainbat sari zozketatu dituzte parte hartzaileen artean. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak