Urtero bezala, Arrasate Musikalek omenaldia egingo dio Santa Zezilia musikaren patroiari. Hala, domeka honetan, musika bandako kideek kalejira egingo dute 11:30ean Arrasateko kaleetan zehar, eta, ondoren, kontzertu emanaldia eskainiko dute San Frantzisko elizan (12:30). Kontzertuari dagokionez, bertan parte hartuko dute Arrasate Musikaleko banda osatzen duten 53 kideek, eta, Mikel Markiegik zuzenduta, bost kantuko errepertorioa eskainiko dute: Pascual Perez Chovirren Pepita Greus, Jacinto Guerrerren Los Gavilanes, Jacob de Haanen Concerto d´Amore, Hans Zimmerren Gladiator eta Ted Rickettsen Stachmo!, hain zuzen ere.
Arrasate Musikaleko bandak urtero gorriz markatzen duen eguna izaten dela nabarmendu du Markiegik: "Berezia da Arrasate Musikaleko kideontzat, eta gutariko askok egun hau aitzakia gisa erabiltzen dugu gure zaletasun honek ematen digun alaitasuna eta adiskidetasuna inguruko jende guztiarekin partekatzeko".