Asteburu honetan egingo da Ziorla Fest jaialdia. Musakola auzoa bizirik mantentzeko ekimen kultural gisa sortu zen 2021. urtean, eta aurtengoa izango den laugarren ediziorako bost kontzertuko egitaraua antolatu du Musakolako Jai Batzordeak, Arrasateko Udalaren laguntzarekin. Zapatuan egingo da jaialdia, eta eszenatokia Santa Teresa elizako plazan jarriko dute, lehenengoz. 19:30ean hasita, bost kontzertu antolatu dituzte: DDX, Aimarz, XSakara, Hazas eta Jagoba eta Tatta eta Denso.
Kontzertuetako musika estiloen eskaintza zabala Ziorla Fest jaialdiko "ezaugarri nagusietako bat" dela azaldu du Jon Egañak, Musakolako Jai Batzordeko lehendakariak: "Guretzat estilo guztiak dira ongietorriak. Musika eta kultur aniztasunak jaialdia aberasten du eta gure asmoa beti izan da publiko guztientzat irekita dagoen jaialdi bat antolatzea; adin, estilo eta publiko guztietara heltzea". Aurten Jai Batzordetik ez dute aukerarik izan aurreko edizioetako San Isidro plazako karpa finantzatzeko; beraz, Egañak azaldu duenez, alternatiba desberdin batera jo behar izan dute jaialdia egiteko behar bezalako espazio bat lortzeko: "Jaialdi batek Musakolan egitea dakartzan onurak eta gaitzak kontuan hartuta, hainbat toki aztertu ditugu, eta, azkenean, Santa Teresa elizako plazan egitea erabaki dugu. Ez da erabaki erraza izan, baina aukera ona iruditu zaigu”.
Lekuari dagokionez, aurreko edizioetan bezala jaialdirako "txosnagune bat jartzeko asmoa" dutela adierazi du Egañak, baina egunean egingo duen eguraldiaren arabera hartuko dute erabakia.
Egun bakarra
Aurtengo edizioak beste aldaketa bat izango du, eta, iazko jaialdiarekin alderatuz, hiru eguneko egitaraua izatetik egun bateko egitaraua izango du aurtengoak. Horrez gain, iaz hainbat kontzertu egin ziren auzoko tabernetan, eta aurtengo kontzertu guztiak Santa Teresan jarriko duten eszenatokira eramango dituzte. “Horrelako jaialdi bat antolatzea lan handia da auzotarrentzat, eta aurtengo edizioa antolatzeko izan ditugun baliabideek egun bateko formatua aukeratzera bultzatu gaituzte", nabarmendu du Jai Batzordeko lehendakariak.
Auzotarrek babestuta
Musakolako Jai Batzordeko kideek 2021ean sortu zuten Ziorla Fest, Musakola auzoa bizirik mantentzeko helburuarekin. "Orduko batzordekideen artean askotan aipatzen zen auzoak bere jaialdi propioa merezi zuela; jendeak elkar topatzeko eta partekatzeko gune bat behar zela", azaldu du Egañak. 2022an ezin izan zuten jaialdia antolatu, baina, geroztik, "Musakolako auzotarren babesarekin", Jai Batzordeak urtero antolatu du jaialdia: "Giro ona dagoen heinean, ekitaldiak zentzua hartzen du, eta, horretarako, Musakolako jendearengandik jasotako babesa eta parte hartzea izan da gure bultzatzaile nagusia".