Behobia-Donostia lasterketa ordu eta sei minutuan, edo azkarrago, egin duten debagoiendarren zerrenda ez da luzea. Antonio Merino antzuolarraren (1.00.54, 1997an) eta Ritxar Fernandez oñatiarraren (1.01.39, 2004an) marka ikusgarrien ondoren etorri direnak apalagoak izan dira, baina merezi dute nabarmentzea. Yeray Varelak lasterketa ederra egin zuen 2014an (1.04.58), eta baita Beñat Arnaizek 2017an (1.05) eta Endika Donnayk 2019an (1.06.16) ere. Eta domekan multzo horretan sartu zen korrikalari arrasatearra.
Hiru minutu ondu duzu orain arte zeneukan marka (1.09). Ezer berezirik egin duzu?
Iazko abenduan entrenatzaile batekin hasi nintzen lanean, Oñatiko Mikel Quellerekin. Elkarrizketatxo bat izan nuen harekin, gustatu egin zitzaidan lan egiteko zeukan modua, eta probatzea erabaki nuen. Azken batean, gauza asko egiten nituen jakin gabe ondo nenbilen ala ez, ondo entrenatzen nintzen...
Zer aldatu duzu bereziki?
Batetik, konturatu naiz gauza asko ez nituela horren txarto egiten. Baina egia da orain entrenamendu saio asko beste erritmo batzuetara egiten ditudala, lasaiago. Lehen, akaso, tokatzen zena baino intentsitate handiagorekin ibitzen nintzen. Orain, aldiz, korrikaldi luzeagoak egiten ditut, baina polikiago. Eta kalitatezko entrenamendu saioak hobeto aukeratzen ditugu. Hasieran kosta egiten da erritmo motelagoetan korrika egitea, zalantzak agertzen dira, baina bistan da emaitzak hor
daudela. Eta horrekin batera gimnasiora joaten hasi naiz astean birritan, indarra lantzera.
Lehen ez nuen halakorik egiten, eta igarri egiten da.
Domekan 28.a izan zinen. Helmugan aipatu zenuen talde oso onean joan zinela.
Bai; alde horretatik, zortea izan nuen. Hemen inguruko lasterketetan maila antzerakoan dabiltzan korrikalariak ezagutzen ditut, eta berehala osatu genuen taldea. Hamar lagun joango ginen elkarrekin, erreleboak emanaz, eta bosgarren kilometroan konturatu nintzen nik nituen erreferentziekin alderatuta aurreko edizioetan baino minutu bat azkarrago nindoala. Hori ikusita momentu batean larritu egin nintzen, ez nekielako erritmo hartan jarraitzeko kapaz izango nintzen ala ez. Erabaki nuen arriskatzea, eta lehertu arte talde hartan jarraitzea. Zorionez, taldea txikitzen joan zen,
baina nik eutsi ahal izan nuen; hiru lagun iritsi ginen helmugara. Egia esan oso pozik geratu naiz egindako markarekin, edizio batetik bestera hiru minutu azkarragoa izatea ez da eta erraza.
Zorion mezu asko jaso dituzu?
Bai; harrituta geratu naiz. Domekan bertan hasi nintzen mezuak jasotzen. Eguna aprobetxatuta, horrenbestez. Bai; izan ere, domekan etxekoak ere Donostiara joan ziren animatzera, eta kuadrillakoak ere bertan ziren. Lagunekin joan nintzen bazkaltzera, eta arratsaldean ere giro ederra egiten zuenez, iluntzean bueltatu ginen Arrasatera.
Eskerrak ez zinen gau hartan lanera sartzen....
Ez, ez, jai eskatuko nukeen bestela [Barre]. Fagor Ederlanen egiten dut lan, Bergaran, eta astelehenean gaueko erreleboan sartu nintzen lanera. Errekuperatzeko asti apur bat izan nuen, nahiz eta hankak oraindik nekatuta sumatzen ditudan. Azken
batean, Behobia-Donostia lasterketa gogorra da, 21 kilometro dira, zenbait gorabeherarekin, eta erritmo horretan korrika eginda hankek astindua hartzen dute [kilometroa 3.18ra egin zuen].
Ez da izango erraza maila horretako entrenamenduak txandakako lanarekin bateratzea.
Ez, gogorra egiten da. Bereziki gaueko txanda da gogorra; horregatik, saiatzen naiz aste hasierako entrenamenduak lasaiagoak egiten, gorputza lan-errelebo berrira ohitu arte, eta asteazkenetik aurrera gogorrago
entrenatzen naiz.
Bide batez, sarreran aipatu ditugu Antonio Merino antzuolarra eta Ritxar Fernandez oñatiarra. Bazenuen haien berri?
Izenak ezagunak egiten zitzaizkidan, baina ez nekien halako markak zituztenik Behobia-Donostian. Harrituta geratu naiz, haiek beste maila batean zeuden, inoiz ez naiz horra iritsiko.
Baina Beñat Arnaizen edo Endika Donnayren marketara gerturatu zara...
Eta domekan, obra batzuk tarteko, 200 metro gehiago egin genituen. Hor beste minutu erdi
joaten da! [Barre].
Zer zaude, denboraldi hasieran?
Bai; domekako lasterketa denboraldiko lehenengo helburua izan da, baina lehenago Donostiako 15K lasterketa egin nuen,
erritmoa hartzen joateko. Iazko denboraldia apirilean amaitu nuen. Jarraian, abuztura arte atseden hartu nuen, beste kirol jarduera batzuk egiten ibili nintzen, eta orduan hasi nintzen Behobia-Donostia prestatzen; hau hasi baino ez da
egin.
Zein helburu duzu datozen hilabeteetarako?
Abenduaren 14an Gasteizen egingo duten maratoi erdia daukat begiz jota. 1.10etik jaitsi nahiko nuke. Gero joango naiz erabakitzen zein lasterketa egin, baina 10 kilometroko distantzian jardungo dut, gehienbat.