Kokatze aldera, zer da Ikusiker eta zer aztertzen duzue?
Nor ikerketa taldearen baitako proiektu bat da Ikusiker. Helburua da Euskal Herriko 11 eta 23 urte bitarteko gazteen ikus-entzunezko kontsumoa eta IKTen erabilerak ezagutzea; horretarako, inkestak egiten ditugu Bigarren Hezkuntzan eta unibertsitatean. Datu kuantitatiboekin gazteen joerak aztertzen ditugu.
Zein da euskararen lekua mundu digitalean?
Gure datuak oso kuantitatiboak dira, eta datuen arabera esan daiteke euskaraz egiten den kontsumoa oso urria dela, aukera oso minoritarioa da. Aukera, kakotx artean esango dut, bakoitzaren hautuaz harago, algoritmoak oso paper garrantzitsua jokatzen duelako sareetan. Bestalde, telebistan euskararen kontsumoa sareetan baino nabarmen altuagoa da.
Nolako eragina du ikus-entzunezkoen kontsumoak gazteen identitatearen sorkuntzan?
Identitatea faktore askoren ondorioz eraikitzen da; ikusi daiteke sare sozialek eta pantailen erabilerak gero eta pisu handiagoa dutela prozesu horretan. Gaur egun, Bigarren Hezkuntzako ikasleen %97k dute sakelakoa, eta kontsumoa oso indibidualizatuta dago. Algoritmoek garrantzi handia dute: zuk ikusten, atsegin edo partekatzen duzunaren arabera eduki jakin batzuk eskaintzen dizkizute, eta horrek oihartzun-ganberak sortzen ditu. Batzuetan, iritzi edo interes jakinak indartzen dituzte; beste batzuetan, komunitate edo espazio seguru bihur daitezke. Horrek guztiak, zuzenean edo zeharka, identitatea sendotzeko eta norberaren erreferentzien eraikuntzan eragiten du.
Zein da euskal identitatearen eraikuntzan erronka nagusia?
Euskal identitatearena oso aterki zabala da, bakoitzak irakurketa propioa egin dezake. Puntu hori albo batera utzita, euskararen presentzia eta normalizazioa dira erronka, zuretzat aukeratuta dauden edukietan hizkuntzaren presentzia handiagoa izatea. Hala ere, ez dakit Goliat-en aurka ari garen borrokan; plataformak ez dira neutroak eta argi dago eduki batzuk hobesten dituztela besteen gainetik. Algoritmoak indar nagusiek kontrolatzen dituzte, baina opakoak dira, ez daukagu indar horien gaineko berririk.
Hizkuntza bat mundu digitalean aktibo egotea bizirik dagoen seinale da?
Esan liteke baietz. Sareetan euskaraz jardutea edo interfazeak euskaraz erabiltzea badira bizitza horren seinale. Edonola ere, kontua ez da soilik edukien kontsumoa: erabilera eta presentzia zabalagoa ere badira gakoak. Maila indibidualean hautu politikoa egin behar da, sareetan euskararen presentzia areagotu nahi bada.
"Maila indibidualean hautu politikoa egin behar da, sareetan euskararen presentzia areagotu nahi bada"
Etorkizunera begira, baikor zaude euskararen presentzia digitalarekin?
Gustatuko litzaidake Interneten eta sare sozialen inguruan ditugun aurreiritzi pesimistak baztertu gabe beste aurpegia ikusteko ere gai izatea. Komunitateak indartzeko tresna garrantzitsua da, ez da erraza ikusgarritasuna lortzea; dena den, aukera ere bada ahots txikiak entzunak izateko. Nolabaiteko dikotomia dago: edukiak bakarka kontsumitzen dira, baina komunitatearen eraikuntzarako aukera ere badago.
ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN
Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!
WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.
TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.
ASTEBURUETAKO BULETINA
Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.
Harpidetza aukera guztiak