Azken 35 urteetan Discos Suicidas-ek hainbat alditan argitaratu duen "bilduma esanguratsua" berreskuratzeko "borroka luzean" ari dira Txerra Bolinaga eta taldekideen senideak.
Gaia kokatzeko, joan gaitezen diskoaren hastapenetara.
Basati Diskak-ekin diskoa argitaratu genuen eta dena ondo joan zen lauzpabost urtean, baina, ondoren, diskoetxe horretako kide batek katalogo osoa saldu zion Discos Suicidasi, musikarien baimen barik. Harrezkero, argitaletxe horrek gura beste alditan berrargitaratu du gure diskoa eta baita beste talde askorenak ere, eta, zorionez, gauzak aldatzen hasi dira.
Eta aldaketa hori da, hain justu, zuek berrargitaratuko duzuela?
Bai; dagoeneko lantegian dago eta azaroaren bukaeran edo abenduaren hasieran izango dugu esku artean. Originalaren azal bera izango du, baina pegatina edo bestelako ikur bat eroango du, gure baimenarekin argitaratutakoa dela adierazteko. Eta barruan, originalak zuen moduan, argazki-collage baten posterra egongo da. Hala ere, oraindik ez dugu lortu Discos Suicidasek gure ezer gehiago ez argitaratzea.
"Lanean jarraituko dugu gure diskoa beste inork gure baimen barik ez argitaratzea lortu arte"
Pozik zaude lorpenarekin?
Bai, eta taldekideen senideak ere bai, elkarrekin ari gara-eta honetan guztian. Lanean jarraituko dugu gure diskoa beste inork gure baimen barik ez argitaratzea lortu arte; horretan ari gara. Hortaz, sentsazio ezberdinak ditugu: poztasuna batetik, gurea dena berreskuratzen ari garelako, baina amorrua, bestetik, 35 urtean batzuek gura izan dutena egin dutelako; esaterako argitaletxe horrek eta saldu eta saldu ari den Brixton dendak, ustez, alternatiboa denak.
Baina jende askok eskaini dizue laguntza.
Harrituta nago izan duen oihartzunarekin; jende askok ez zuen eskubide lapurretaren berri orain arte. Mezu eta dei asko ari naiz jasotzen, norbanakoengandik, dendetatik, banatzaileengandik eta elkarte askotatik ere bai, euren laguntza eskaintzen eta gure edizioa saldu gura dutela esanez. Oso eskertuta gaude.
Orain albistea den arren, urte askotako borroka da hori, ezta?
Amorru apur bat badut ez genuelako lehenago ezer askorik egin; gure lan kontuetan-eta sartuta geunden eta momentuan, gainera, ez genuen jakin zer dimentsio izango zuen. Geroago, Karlos [Mahoma] saiatu zen zerbait lortzen, baina oso zaila zen eta ez zuen ezer lortu.
Kantu horien eskubide digitalak, baina, zuenak dira.
Bai, hala da, eta horiek lortuta etorri zen gero diskoa taldearen izenean berrargitaratzeko ahaleginetan hastea. Discos Suicidasek plataforma digitaletan eskegi zuen bilduma, eta pandemia garaian, 2021aren bueltan, pentsatu genuen gure izenean igotzea eta Discos Suicidasi kentzen saiatzea, eta lortu genuen, ez zuen-eta gure sinadurarik. Bada, formatu fisikoarekin gauza bera egin gura dugu.
"Basatirekin ez genuen ezer sinatu, lagunak ziren eta ahoz izan zen dena"
Epaiketatara joatea pentsatu duzue?
Zaila da eta dirua ere bada, baina aztertzen ari gara. Printzipioz, ez daukate zer eginik, ez dute-eta argitaratzeko gure baimenik edo sinadurarik; izan ere, garai hartan Basatirekin ez genuen ezer sinatu, lagunak ziren eta ahoz izan zen dena, eta orain, abokatu batzuek esan digutenez, gure alde da hori. Ez dut dirurik hartzerik espero, nahi duguna da guk berreskuratzea eta hari, hau da, Discos Suicidasi, No te muevas-en edizio gehiago ateratzeko aukera kentzea.
Zoritxarrez, ez zarete kasu isolatu bat, talde gehiago daude.
Hala da; talde askoren disko pila bat saldu zituzten katalogo berean; esaterako, Piperrak, La Perrera, MCD eta Eskorbuto taldeenak. Hor atzean badago amorru puntu bat, garai hartan ezer ez egiteagatik, baina ez ginen musikari profesionalak; hau da, ez ginen musikatik bizi eta ez geunden, alde horretatik, musika munduan sartuta.
Zertan ari dira beste taldeak?
Eskorbutok lortu zuen eta MCD eta Piperrak bidean daude, epaiketetan ari dira. Abokatu berarengana joan ginen talde batzuk. Orain dela gutxi, Korroskadakoek ere deitu didate; gauza bera gertatzen zaie, eta galdetu didate ea zer egin behar duten eskubide digitalak lortzeko.
Lehenagotik zetorren olatua handitzen joango dela uste duzu?
Espero dut baietz; jendeak errealitatea zein den jakin beharko lukeela uste dut.
Adituek diote punk arloan erreferentziazko diskoa dela Euskal Herrian eta baita kanpoan ere; zuk ere hala uste duzu?
Kanpotik jasotzen dudan informazioagatik, baietz esan dezaket. Txileko jendearekin, esaterako, harremana dut, eta esan izan didate RIPen kantuekin bildumak argitaratu direla Argentinan, Kolonbian eta beste hainbat herrialdetan. Hortaz, ikusten dudanez, erreferentzia bat izan gara, eta, nola ez, harro nago. Nire taldeekin egiten ditudan kontzertu askotan eskatzen didate RIPen kantuak jotzeko.
Berrargitarapena aitzakia, baduzue zuzenean aurkezteko asmorik?
Oraina bizi dut, eta gaur egungo nire taldeekin umil-umil bizi nahi dut; argi dut RIP ezin dela berpiztu, ni bakarrik geratzen naiz. Egia da, baina, azkenaldian proposamenak jaso ditudala. Buruan bueltak ematen ari gara, baina ez dugu ezer zehatzik pentsatuta. Kontraesan asko ditut gai horrekin.

Pablo Cabeza: "Nire apaletako bereziena"
(Musika-kazetaria)
1.- Zer iruditzen zaizu RIPek No te muevas diskoa berargitaratzea?
Orokorrean musikariak, batzuengatik edo beste batzuengatik, gutxietsita egon dira, baina bereziki diskoetxeengatik, nahiz eta ezin den orokortu eta gutxiago Euskal Herrian jaiotako askotariko ekimenetan, ilusioarekin eta fede onarekin sustatutako abenturak, baina hainbat kasutan, arrazoi batengatik edo beste batengatik, abusura zein delitura bideratu zituztenak. Eta uste dut, kasu honetan, edizio ezberdinetako arduradunek sumatu dutena, guztiaren jatorria denaren –RIP– gainetik dagoela. Sumindu naoiz dagoeneko. Hortaz, Txerrak diskoa berriz argitaratzea erabaki badu, bost axola niri legalki ahal duen egin edo ez; izugarri pozten nau. Borborka ari zait bihotza, eta oxala munduaren akabera balitz moduan saltzen badira. Txerrak eta RIPen oinordekoek merezi dute egileak aitortuak izatea eta euren edizio-eskubide naturalak lurrean eta/edo zeruan.
2.-Zer izan zen disko hori zuretzako? Eta zer da gaur egun?
Ez dut esajeratzen, baina ditudan diskoen edizioak gainbegiratzean, negar malko batzuk ateratzen zaizkit. Punkaren historiako diskorik onenetarikoa da, hitzek zuzenean nola kolpatzen zuten berriz bizitzea da, hitz bakoitza, akorde bakoitza, ingurune bakoitza…Bere garaian, eskuetan izatea, nire apunteen arabera, 1987ko abuztuaren 8an, leherkorra izan zen, izugarria. Azkenean, nire eskuetan eta nire disko-jogailuan RIPen hastapenetatik zuzenean entzuten ari nintzen kantuak. Luciferren gloria jainkotiarra. Nire apaletan historia direnei maitasun handiz gehituko diet edizio hori, baina honako hau oso oso berezia izango da.
Iker Barandiaran: "Dagokionari dagokina"
(Kazetaria)
Zer iruditu zaizu albistea?
Asko poztu nau bidegabekeri honi behingoz buelta eta akabera emateko Txerrak halako pausoak emateak: bai eskubide digitalei zein diskoak fabrikatzeari dagokionez. Injustizia handia da Discos Suicidas-ek eta beste batzuk hiru hamarkadatan RIPen kontura eta taldekideen inongo baimen gabe dirua egiten jarraitzea. Auskalo zenbat aldiz berrargitaratu eta saldu duten diskoa!
Gainera, jende gehiena orain arte ez da horren jakitun izan eta askok jarraitu dute diskoa erosten, jakin gabe hori, eta jakin gabe Discos Suicidas, Brixton eta beste batzuek punkaren balioei baino edozein modutan eta edozeinen kontu dirua irabazteari ematen diotela garrantzia.
Zer da zuretako disko hori?
RIPena da gaztetxotan ikusi nuen lehen kontzertua eta gogoan daukat urteetara No te muevas atera zutenean etxe azpian zegoen Eresi denda enblematikoan, erakusleihoetako batean disko honen ale pila erakusgai jarri zituztela eta neu liluratuta. Kasetea erosi nuen -seguruenik prezioagatik- eta mila buelta eman nizkion hondatu arte. Gero biniloa eskuratu nuen.
No te muevas eta RIP erreferentziazkoak dira Espainiako Estatuko punkari buruz hitz egiterakoan. Eta ez hemen bakarrik: Jada 1984an AEBetako Maximum Rockanroll punk aldizkari erreferentzialak kaleratutako Welcome to 1984 nazioarteko bilduman RIP izan zen Estatuko talde bakarra. Atzerrian jotzeko eskaerak izan zituzten, baina uko egin zioten haiek herrikoak zirelako eta puntu. Eta zer esanik ez Hego Amerikan. Gaur egun oraindik ere itsaso bestaldeko ehunka taldek egiten dituzte haien bertsioak!
Diskoa berandu atera zen, taldekideen izaera punk eta lasaiaren ondorioz eta agian zertxobait leundu zen Zona Especial Norte -ko kantuetan erakutsitako amorrua. Hala ere, haien disko luze propio bakarra da eta belaunaldi askorentzat eresiz jositako lana da: hitzaz, musikaz eta jarreraz.
Erreferentziazkoa izan zen eta da disko hau punk azkarra eta zuzena lantzen duelako eta mezu zuzen-zuzenak; gainera, ezin hobeto irudikatzen du Euskal Herrian bizitakoa garai batean: orduan gaztelaniaz oihukatzen zen, apurtzaileak hein batean akratak ziren, baina era berean hemengoa izatearen sentimendua ere oso presente zegoen. Polizia -edozein koloretakoa-, kartzelak, epaileak, gerra, heroina... ziren kezka nagusienetakoak. Eta hor daude guztiak, Odio a mi patria zein Lepoan hartu... kantuen arteko oreka itxuraz konplexu baina egiazkoan.
Gerora, gainera, Punkaren 25 urteko historia bizia dokumentala egin genuenean berretsi ahal izan genuen talde honek, ondo pasatzeko helburu bakarrarekin, jendearengan lortutako irismena itzela dela. Gainera, sorkuntzan hain kantu kopuru mugatua idatzi zuten eta hain indartsuak eta benetakoak dira guztiak, ez dagoela bat bera soberan. Eta ez dago zalantzarik kantu horiek klak egin zutela (eta egiten dutela) belaunaldi askoren burmuinetan.
Oraindik ere bogan dagoenik agian ez nuke esango. Hamarkadatan erreferentziala izan da belaunaldi desberdinentzat, baina gaur egun gazte asko ez daude punkari begira eta seguruenik ez dute diskoa eta kantuak ezagutuko. Haiek galtzen dute! Kar-kar-kar.