Arrasate Errugbi Taldeko neskek Elorrio eta Zornotzakoekin batera ekin diote denboraldiari

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 14a

ART-ko neskak, Mojategin jokatutako partida batean. Argazkia: Arrasate Errugbi Taldea.

Geurea RT izenpean, senior talde bakarra sortzeko elkartu dira Arrasate Errugbi Taldea, Elorrioko Errugbi Taldea eta Zornotzako Urgozo. Lehen hiru jardunaldietan bi garaipen eskuratu dituzte, eta hirugarren bila zelairatuko dira bihar Elorrion.

 

Arrasate Errugbi Taldeko senior neskek aldaketekin hasi dute denboraldia. Gaur gaurkoz, ART-n zazpi neska ari dira errugbian, eta, partidak jokatzeko, ezinbestekoa dute beste talde batzuekin elkartzea. Gauzak horrela, azken hiru urteetan Eibarreko Errugbi Taldearekin batera aritu dira. Aurten ordea, bideak aldentzeko unea zela erabakita, Elorrio Errugbi Taldearekin eta Zornotzako Urgozorekin osatu dute Geurea RT, guztira 32 jokalariz osatutako taldea da.

Horrenbestez, iaz baino dezente jokalari gehiago daude aurten, eta Irene Dolara jokalariak GOIENAri azaldu dionez, hori da aldaketa izandako aldaketa handiena: "Iaz, deialdiak osatzeko justu ibiltzen ginen, orain berriz, 32 fitxa izanda, aukeratu egin behar da eta jendea deialditik kanpora gelditzen da". 

Entrenatzeko bidaiatu behar

Hiru herritako neskek osatutako taldea izanik, entrenamenduek badute bere mamia. Eguenetan, Elorrioko San Roke zelaian elkartzen dira guztiak, eta, martitzenetan berriz, Mojategi eta Zornotzako Larrea zelaia tartekatzen dituzte. "Handicap-a da entrenatzeko mugitu behar izatea baina giro oso ona dago taldean eta merezi du esfortzuak. Bi aldiz entrenatzen dugu astean eta oso entrenamendu produktiboak dira, gainera, entrenamendutan 30 neska izatea gozamena da", dio Dolarak. 

Irene Dolara: "Taldean giro ona dugu, 30 neska gaude eta hori gozamena da"

Partidetarako ere antzera antolatzen dira, etxean jokatuko dituzten partiden erdiak Elorrion jokatuko dituzte, eta, beste erdiak, Mojategin eta Zornotzan izango dira. Hala, printzipioz Arrasaten jokatuko duten lehen partidua azaroaren 29an izango da, La Unica RT-ren aurkakoa. Entrenatzen diharduten errugbi zelaien artean ere badaude aldeak, Elorrikoak adibidez belardi naturala dauka eta Mojategikoa berriz, artifiziala da. "Momentuz ondo ari gara moldatzen, baina badakigu zelai naturalean gogorrak izango direla entrenamenduak neguan. Hala ere, ligako hainbat taldek jokatzen dute zelai naturaletan eta gu ere ohituta gaude" adierazi du Dolarak. 

Liga hasiera "ona"

Denboraldiko lehen hiru partidak jokatuta, sailkapeneko bosgarren tokian dago Geurea RT, bi garaipen eta porrot bakarrarekin. Porrot hori aurreko hastean heldu zen, Gaztediren aurka Zornotzan 10 eta 19 galdu zuten hain zuzen. Hala ere, Dolararen ustez, porrot horrek indartu egin dezake taldea: "Esango nuke porrotetik gauza oso positiboak atera ditugula, esperientzia handia duen taldea da Gaztedi, beti sailkapenaren goialdean ibiltzen dena. Oso neurketa gogorra izan zen, eta partidaren irakurketa egin ostean, guk ere talde oso indartsua dugula ikusi dugu".

Aurreko norgehiagoketan Hernani eta Txingudi erosotasunez garaitu zituzten, baina taldez talde dagoen maila aldaketa kontuan dauka Dolarak: "Tamalez, liga honetan aldaketa ugari izaten dira eta ohituta gaude. Iaz gure taldean jende gutxi zegoen, eta, aurten, beste talde batzuek dituzte arazo berberak. Badira neska gutxirekin emaitza txukunak lortzen dituzten taldeak eta maila polita dago, baina orokorrean, arazoa izaten da hori".

Hirugarrenaren bila, bihar

Ligako hirugarren partida bihar eguerdian jokatuko dute Elorrion. Universitario Bilbao izango dute aurrean, eta liga txukun hasi dute. "Han ere aldaketak egin dituzte eta Errugbi 12ko taldea osatu dute Euskal Ligarako, ez dira asko taldean baina maila ona dute", esan du Dolarak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak