Udaltzaingoak legez kanpo zeuden bi patinete elektriko konfiskatu ditu

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko azaroaren 12a

Bi patinete elektriko. (Argazkia: Arrasateko Udala).

"108 kilometro orduko abiadura hartzeko trukatuta zeudela" argudiatuta konfiskatu ditu ibilgailuak. Era berean, kontzientziazio kanpaina abian du Udaltzaingoak. Zirkulazio ordenantza 2026ko otsailean onartzea aurreikusten du Udal Gobernuak.

Patinete elektrikoak eta horien erabilera desegokia "benetako arazo" bilakatzen ari da bide segurtasuna bermatzerako orduan. Aste honetan, esaterako, Udaltzaingoak bi patinete elektriko konfiskatu ditu. "Biak legez kanpokoak ziren, legezkoa dena baino abiadura handiagoa hartzeko gaitasuna zutenak: legeak 25 kilometro orduko muga ezartzen du eta patinete horiek 87 eta 108 kilometro ordura arteko abiadura har zezaketen".

Udaltzaingoak azpimarratu du patinetez abiadura handian zirkulatzea arriskutsua dela, bai gidariarentzat bai gainerako herritarrentzat. "Gainera, salaketa administratiboak eta isunak ez ezik, delitu penal baten aurrean egon daiteke erabiltzailea, patinete horren berezko ezaugarriak legeak ezarritakoetatik kanpo badaude. Adibidez, 25 kilometro orduko abiadura gainditzen badu, legez kanpoko ibilgailu bilakatzen da eta ezin da herrian erabili", azaldu du Udaltzaingoak. 

Kontzientziazio kanpaina abian

Urriaz geroztik, Udaltzaingoak kontzientziazio eta informazio ekintzak egiten ditu kalean, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) patinete elektrikoen erabiltzaileei ezarritako arauei buruzko azalpenak emanez. Hilabete batean, "esku-hartze ugari" egin dituzte, "herritarren segurtasuna bermatzeko eta erabilera arduratsua sustatzeko".

Kontzientziazio kanpainaren baitan, Udaltzaingoak gogorarazi du patinete elektrikoak ez direla jostailuak, eta ez direla gomendagarriak opari moduan gazteentzat, bereziki Gabonetarako. "Helburua da segurtasuna eta elkarbizitza bermatzea herriko kaleetan", azpimarratu du.

Ekarpenak, astelehenera arte

Zirkulazio ordenantza idazteko bidean, parte-hartze prozesu bat abian du Udalak, eta herritarrek astelehenera arte dute aukera ekarpenak egiteko, udal webgunean. "Urtea amaitu baino lehen ordenantza berria batzordean lantzea aurreikusten dugu, eta otsaileko osoko bilkuran onartzea espero dugu", azaldu dute udal ordezkariek. "Ordenantza horrek erabilera arauak zehaztuko ditu eta herritar guztientzako tresna izango da", gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak