Arrasateko Udalak NIK bidezko kirol txartel digitala jarri du martxan Uarkapeko kiroldegian

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 12a

Uarkapeko NIK bidezko sarbide digital berria. Argazkia: Arrasateko Udala.

Sarbide digitalaren bidez, txartel fisikorik gabe sartu ahalko dira bazkideak kiroldegira "sarbide azkarrago eta erosoagoa" ahalbidetuz. Horrez gain, txartel fisikoaren diseinu berria ere aurkeztu du Udalak.

Arrasateko Udalak Musakolako kiroldegian ezarri zuen udan NIK bidezko sarbide digitala, kiroldegiko erabiltzaileei "sarbide azkarrago eta erosoagoa" emateko helburuarekin. Bide horretan, Uarkapen ere sistema bera erabilgarri dago jada.

Txartel digitala mugikorretik aktibatu daiteke. Horrela, plastikozko txartel fisikorik gabe erabili ahalko dira kiroldegiko sarbide automatikoak. Udalak azaldu du, Eusko Jaurlaritzak sustatutako identifikazio digitala "segurua" dela, eta, bestetik, txartel honek hainbat zerbitzu bateratzen dituela ere argitu dute; hala nola, identifikazioa, sarrerak eta erakunde publikoen jakinarazpenak jaso daitezke. "NIK txartel birtuala tresna estrategikoa da udal instalazioetan aurrerapauso teknologiko sendoak emateko. Digitalizazioa ez da etorkizuna, oraina da, eta horrelako sistemek erabiltzaileentzat esperientzia errazago eta intuitiboagoa eskaintzen du", adierazi du Mikel San Miguel kirol zinegotziak.

Txartel fisikoak diseinu berria

Udalak, txartel fisikoaren diseinu berria ere aurkeztu du. "Udaberrian aurkeztutako Herri Marka berria jarraitzen duen irudi eguneratu eta modernoa du aurrerantzean banatuko dugun txartelak", dio San Miguelek. 

Azkenik, Mojategiko instalazioetan ere sarrera digitala ezartzea izango da Udalaren hurrengo pausua, sartu-irteerak "modu egoki eta ordenatuan" egiteko ezarriko dute. QR bidezko sarbidea ere jarriko dute "kirol instalazioen zaintza eta erabilera egokia bermatzeko". Egokitzapen lan hauek 2027rako eginda egotea espero du Udalak. 

Arrasateko kirol txartelaren diseinu berria. Argazkia: Arrasateko Udala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak