Zirkulazio ordenantza "argia, erabilgarria eta segurua" gura du EAJk

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko azaroaren 13a

Hainbat herritar, patinetean, Garibai etorbidean.

Patineteekin "kaosa" dagoela diote. Hori amaitzeko eta bide segurtasuna eta oinezkoen eta gidarien arteko elkarbizitza bermatzeko, hamabost neurri zehatz aurkeztu ditu talde jeltzaleak.

Arrasateko EAJ udal taldeak ekarpenak egin dizkio trafikoa eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak arautuko dituen ordenantzari, "ordena jartzeko, pertsonak babesteko eta mugikortasun segurua eta arduratsua bermatzeko", nabarmendu dutenez.

Urriaren 7ko osoko bilkuran, galdera eta erantzunen puntuan, patinete elektrikoen erabilera arautzeko asmoaz galdetu zion EAJk Udal Gobernuari. "Astebete geroago, patinete batek harrapatuta geratu eta hilda aurkitu zuten txakur batekin izandako gertaera tragiko baten ondoren, premiazko neurriak hartzeko eta ordenantza berehala idazteko eskatu genuen", gaineratu dute.

Orain, azaroaren 17ra arte herritarrentzat zabalik dagoen parte-hartze prozesua aprobetxatuz, jeltzaleek ere haien ekarpenak egin dituzte, "Arrasaten bizikidetza eta segurtasuna hobetzeko ezinbestekotzat" jotzen dituzten hamabost proposamen, hain zuzen.

Alde batetik, aurikularrekin, kaskoekin edo beste gailu mugikor batzuekin zirkulatzea debekatu gura du EAJk, baita alkoholaren edo drogen eraginpean zirkulatzea debekatzea ere, "edo erregelamenduz ezarritakoa baino tasa handiagoarekin zirkulatzea" zigortzea.

Horrekin batera, 16 urteko gutxieneko adina ezartzea proposatu dute Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuak, hau da, patinete elektrikoak, gidatzeko. "Era berean, gauez edo ikuspen gutxi dagoenean, argiak erabiltzera behartuko duen ordenantza gura dugu".

Bidaiariak garraiatzea debekatzea ere proposatu dute jeltzaleek, pertsona bakarra baimenduta egotea ibilgailu bakoitzeko. "Bide batez, kaskoa eta atzeko argia erabiltzea derrigorrezkoa izan dadila gura dugu".

EAJren eskariaren arabera, patineteek debekatuta izan beharko lukete espaloietan, oinezkoentzako guneetan, plazetan, parkeetan eta lorategietan ibiltzea. "Espazio horietan, erabiltzaileak patinetetik jaitsi eta oinez jarraitu beharko luke".

Bidegorrietan patineteendako gehieneko abiadura hamar kilometro ordukora mugatzea ere eskatu dute, baita alde zaharrean patinetearekin zirkulatzea debekatzea ere. "Horrez gain, eskatzen dugu soilik egokitutako guneetan edo bizikletentzako eta motozikletentzako espazioetan aparkatzen uztea eta, era berean, patineteak zuhaitzei edota landareei lotzea debekatzea".

Autobus-geltokien, taxien, zamalanetarako guneen edo mugikortasun mugatuko plazen ondoan ere ezingo lituzkete aparkatu patineteak, jeltzaleen arabera.

Beste eskaera bat zera da: Udaltzaingoari patinete bat geldiarazten uztea, "araudia betetzen ez badu, jabea identifikatzen ez bada edo bide segurtasunerako arriskutsua" badago. "Ibilgailua kentzea immobilizatzeko arrazoiek irauten dutenean edo gidaria alkoholaren edo drogen eraginpean dagoenean".

Hainbat isun proposamen

Azkenik, zehapen-araubide "argia eta proportzionatua" ezarriko luke EAJk. "Arau-hauste arinek 100 euroko isuna izan beharko lukete, hau da, gutxieneko adinik gabe, argirik gabe edo bidaiariekin zirkulatzeak. Arau-hauste "larriei" 200 euroko isuna jarriko liekete. "Aurikularrak erabiltzea, espaloietan zirkulatzea edo zabarkeriaz gidatzea izango lirateke arau-hauste horiek".

Beste bi arau-hauste ere aipatu dituzte. "Ausarkeriaz gidatzea arau-hauste oso larria izango litzateke, 500 euroko isunarekin zigortua. Bereziki larriak 1.000 euroko isuna izango luke, hau da, alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzea, edo detekzio-probei uko egitea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak