Azken laurdenean hautsi da partidua asturiarren alde (60-67)

Hasier Larrea 2025eko azaroaren 9a

Horpoz horpo ibili dira markagailuan lehen hiru laurdenetan Smartlog Ointxe eta Abril Adba Sanfer, saskiratzeak garesti salduz. Azken hamar minutuetan, ordea, bisitariak fin ibili dira kanpoko jaurtiketetan, ez, ordea, etxekoak. 

LF2 mailako seigarren jardunaldia jokatu du Smartlog Ointxek Iturripen, Avilesko (Asturias) Abril Adba Sanferren aurka. Gogor aritu dira bi taldeak, defentsan bereziki. Atsedenaldira 28-27 joan dira, eta hirugarren laurdena 51-49 bukatu da. Etxekoek neurria hartua zieten asturiarrei; barruko jokaldietan pilatzen zituzten puntuak batez ere, Izar Bedia eta Uxue Etxarteren kemena baliatuta. 

Azken txanpan, baina, joko-puntu hobea erakutsi dute asturiarrek. Hiruko marratik dezentetan asmatu dute, eta Ointxekoek ezin izan dute atzetik aurrerako bidea egin. Kamuts azaldu dira kanpoko jaurtiketetan. Hala, bederatzi puntuko aldea sartu diete hamar minutuan Abril Adba Sanferko jokalariek, eta neurketa 60-67 bukatu da. 

Emaitza horrekin, Smartlog Ointxe zortzigarren postuan dago sailkapenean, 3 garaipen eta 3 porrotekin. Datorren astean, berriro ere Iturripeko harmailen babesa jasoko du, Leongo Mipelletymas B.F. taldearen aurka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak