Bizitzaren orbanei eta itxaropenari kantuan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025eko azaroaren 9a

Arrasateko Ginka Biloba taldeko Iker Leibar, Julen Ribas eta Olatz Urkia. Argazkia: Ginka Biloba.

Taldearen izen bera duen eta euskarazko zortzi kantu biltzen dituen estreinako diskoa argitaratu du arrasateko Ginka Biloba hirukoteak; gaztain estudioan grabatu dute eta CD formatuan eros daiteke arrasateko irati tabernan eta Olatz Musika Akademian.

2009an desegin zen Ozen taldea- ren errautsetatik sortutakoa da orain dela bi urte Arrasateko Olatz Urkiak –baxu-jolea–, Iker Leibarrek –bateria-jolea– eta Julen Ribasek –gitarra-jolea eta ahotsa– abiatu zuten Ginka Biloba. "Aspalditik mugikorrean grabatuta nituen ideia eta melodiak erakutsita proposatu nien Ikerri eta Olatzi taldea sortzea. Taldearen izena Ginkgoa zuhaitzetik dator; oso gustuko dugu, istorio eta mistika berezia duelako. Zuhaitz hilezkorra ezizenarekin ere ezagutu ohi da, Hiroshimako bonbardaketari bizi irauteagatik; Seber Altube plazan dago bat. Horrela bizi dugu musika; gure bizitza hondamendiak kolpatu dezake, baina beti aurkituko dugu aterpea eta itxaropena musikaren estalpean", azaldu du abeslariak.

Zortzi kantu "rockero"

Estreinako diskoa argitaratu berri dute, euskarazko zortzi kantu bilduta. "Abesti soilak egiten ahalegintzen gara. Diskoan produkzio-lan dotore baina xumea dago, zuzenekoetan defendatzen ahaleginduko garena. Estiloari dagokionez, ez gara mugatzen, baina egia da pop-rock eta rock gogorra nabarmentzen direla. Gai unibertsalak ditugu hitzetan: bizitza, heriotza, denboraren iragatea, maitasuna, traizioa... 40 urteak pasata ditugu eta badaramazkigu orban batzuk soinean. Orbain horiei eta itxaropenari abesten diegu, bereziki".

Gaztain estudioan grabatu dute, Eñaut Gaztañagarekin. "Oso gustura gaude emaitzarekin. CDan atera dugu eta nik marraztu ditut azala, kontrazala eta bestelakoak. Diskoari koherentzia eta osotasuna ematen diote. Arrasateko Irati tabernan eta Olatz Musika Akademian eros daiteke", dio Ribasek.

Kontzertuak lotzen

Oraingoz, Durangoko Azokako Ahotsenea-n eta urtarrilaren 16an Aretxabaletako Ezkutu tabernan izango direla iragarri dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak