Buscanini Band taldeak Luis Usatorre omenduko du zapatu honetan, Kulturaten

Ibai Irasuegi Garai 2025eko azaroaren 6a

Buscanini Band taldearen entsegua. Irudia: Luis Mane Sagasta.

Usatorreren musika ibilbidean zehar bidelagun izan ziren hainbat lagunek Buscanini Band taldea sortu dute, biolinista arrasatearrari "behar bezalako agurra emateko". Omenaldi kontzertua Kulturateko klaustroan egingo da, 19:00etan.

Luis Usatorre Arrasate Musikaleko lehendakari eta biolin jotzaile arrasatearra omenduko dute zapatuan, azaroak 8, Kulturateko klaustroan. 2024ko abuztuan zendu zen Usatorre, eta haren musika ibilbideko lagun eta adiskide batzuek Buscanini Band taldea sortu zuten, hura omentzeko eta Usatorreri "merezi zuen" agurra emateko. "Ezer esan gabe joan zen, eta lehen unetik gure helburua Usatorreren omenez zerbait egitea izan da. Musikan sartuta egon zen bizitza osoan; beti laguntzeko prest", adierazi du Luis Mane Sagastak, Buscanini Band taldeko kideak.

Horiek horrela, orkestrako kideen eta harekin une asko igaro zituzten lagun batzuen ideia izan zen musika talde bat sortzea. Usatorre hil eta hilabetera taldea entseguak egiten hasi zen, hilean behin: Mikel Olazabalek eta Nextor Maidaganek partiturak banatzen zizkieten taldeko kideei, horren ondoren taldeko kideek euren kabuz entseguak egiteko, eta, hilean behin, igande batean, denek batera Arrasate Musikalen entsegu nagusi bat egiteko".

'Buscanini'-ren omenez

JOAN DEN ASTEBURUAN EGIN ZUTEN LEHEN SAIO OROKORRA, LEINTZ GATZAGAN

Buscanini zen Usatorreren ezizena, eta, beraz, taldeari Buscanini Band izena jartzea erabaki zuten taldekideek. "Kuadrillan eta Arrasate Musikalen Buscanini deitzen genion. Paganini biolin jotzaile oso ezaguna izan zen; beraz, Buscanini izena jarri genion Usatorreri", dio Sagastak.

Gaur-gaurkoz, bederatzi kidek osatzen dute –bi biolin, biola bat, klarinete bat, fagot bat, biolontxelo bat, kontrabaxu bat, pianoa eta perkusioa–, eta joan den zapatuan, azaroak 1, egin zuten taldeko lehen saio orokorra; Leintz Gatzagako Santa Columba ermitan. "Joan den astean Leintz Gatzagan egindako saioa taldearen lehen saio orokorra izan zen, eta oso polita izan zen guretako. Ateak irekita egon ziren kontzerturako, eta Santa Columba ermita bete egin genuen. Jendearen partaidetzak, gainera, asko lagundu zigun; izan ere, jendea oso pozik gelditu zen, eta ikusleen eta musikarien artean elkarrizketa bat sortu zen", adierazi du Sagastak.

Kontzertu "berezia" zapatukoa

Leintz Gatzagako saioa, baina, etzi Kulturaten egingo den kontzertu emanaldirako prestakuntza bat izan zen; hain zuzen ere, jendearen aurrean euren burua aurkezteko. Zapatukoa, aldiz, "kontzertu berezia" izango dela nabarmendu du Sagastak.

Taldekideek entseatzen eta kideetako batzuek herriz herri bidaiatzen jardun dute Buscanini Band osatzeko, eta taldeari eskainitako denbora guztiak "merezi izan duela" dio Sagastak: "Donostiatik eta Leintz Gatzagatik etortzen da jendea entseguak egitera, eta trukean dirurik jaso gabe ere oso pozik gaude, badakigulako hau Usatorrerengatik egiten dugula".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak