Arrasateko Udalak bi milioi euro inbertituko ditu datozen hamar urteetan herriko errepideak konpondu eta berritzeko. Urtez urte 200.000 euroko inbertsioa egingo du, 2034 urtera arte. Hala adierazi du Kepa Urteagak, Obra, Zerbitzu eta Mantentze zinegotziak. "Herriguneko errepide eta espaloiak konpontzeaz gain, baserri auzoetako errepide eta oinezkoen bideak konpontzeko apustua ere egin dugu. Inbertsio hau modu jasangarri batean egingo dugu, urtez urte diru partida finko bat bideratuz".
Lehen fasea, astelehenean hasita
Autoentzako errepideak asfaltatuko dituzte lehen fasean, azaroaren 10ean hasi eta hiru asteko iraupenarekin. Batetik, Otalora Lizentziaduna kaleko 2. atari pareko zebra-bidean dauden hondoratzeak konpondu eta asfaltatzeaz gain, zebra-bidea margotuko dute; bestetik, Gipuzkoa etorbideko 17. eta 25. atari parean, galtzada eta aparkalekuak asfaltatu eta margotuko dituzte; horrez gain, Elkano kaleko 21, 23 eta 25. atari parean ere galtzada eta aparkalekuak asfaltatu eta margotuko dituzte; halaber, Gipuzkoa etorbide osoan seinaleztapen horizontala margotzeko lanak egiteaz gain, zebra-bide altxatuak asfaltatuko dituzte, eta horiek margotu; azkenik, Eroskiko sarbide nagusia ere asfaltatuko dute.
Lanek iraun bitartean, trafikoa seinaleekin bideratuko da eta ez dute aurreikusten kaleak ixtea, "baina hainbat aparkaleku libratu beharko dira makinaria eta materiala kokatzeko", Udal Gobernuak azaldu duenez.
Bigarrena, "azaro amaieran edo abenduan"
Bigarren fasean, hainbat errepide asfaltatzeaz gain, oinezkoen bideak egokitu eta hainbat auzotako guneak berrituko dituzte, "azaro amaieran edota abenduan". Asfaltatuko duten bideetako bat Arteaga baserrikoa izango da. "Lanek iraun bitartean ohiko sarbidea itxita egongo da eta bide alternatibo bat prestatuko dugu". Halaber, Garagartza–Atxabalpe oinezkoen bidea ere asfaltatuko dute, baita Aragoa kaleko galtzada eta aparkalekuak ere, seinaleztapenak margotzearekin batera. Horrez gain, Bizkaia etorbidean hainbat hondoratze konponduko dituzte, zebra-bide altxatuak egokitu eta seinaleztapen horizontala berritu. Azkenik, Obenerrekako aldapako zebra-bideak konponduko dituzte eta seinaleztapen horizontala margotu.
Trafikoa seinaleekin bideratuko dute, eta aipatutako tokietan aparkalekuak libre utzi beharko dira materialak eta makinak kokatzeko. Era berean, lan horiek eguraldi lehorrarekin soilik egin daitezkeenez, euriaren aurreikuspenek lanen planifikazioa aldatu edota atzeratu dezaketela ohartarazi du Udalak.