Otsailaren 28an izango da Arrasate-Udalatx mendi lasterketaren 10. edizioa

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 7a

Korrikalariak, Arrasate-Udalatx lasterketaren hasiera noiz iritsiko zain, iaz.

Otsailaren 28an ospatuko da Arrasate-Udalatx mendi lasterketaren 10.edizioa. Sai-zuriaren babeserako jartzen diren neurriek, apirilean egin izan ohi den proba aurreratzea ekarri dute. Ibilbideari dagokionez, Udalatx tontorra igoko da estreinakoz.

10 urte beteko ditu aurten Arrasate-Udalatx mendi lasterketak, eta, ildo horretan, aldaketa ugari egin dituzte antolatzaileek; esaterako, data aldaketa. Orain arte, apirileko bigarren domekan ospatu izan duten proba, otsaileko azken larunbatera pasatu dute, otsailaren 28ra hain zuzen. Erabaki hori hartzeko, eragin zuzena izan du sai-zuriaren eta bestelako hegaztien babeserako udaberrian indarrean jartzen dituzten neurriek. Iaz, ibilbidea aldatu behar izan zuten arrazoi horrengatik, korrikalariak ez ziren Besaidetik igaro, eta, horren ordez, Anporreta, tontorreraino igo zuten. 

Antolakuntzako kide den Ganix Lasak aitortu duenez "ez da erraza izan erabakia hartzea" baina aurreko urteko gertaeren harira, agenda aztertu eta lasterketa otsailera ekartzea erabaki zuten. "Egia esanda, lasterketa ez da askorik aurreratzen, eta, horrela, ez dugu egutegia hankaz gora jartzen", dio Lasak. Lasterketa antolatzen ere "inoiz baino lehenago" hasi dira: "Ezohikoa izan da, inoiz baino lehenago jarri ginen martxan, ia ez dugu oporrik izan, lehen adibidez, gabon ostean izaten zen inskripzioa, eta orain, urtea amaitu aurretik zabaldu dugu".

1.078 pertsonek eman dute izena lasterketan eta 400 dortsal banatu dira zozketa bidez

Otsailean izaten diren baldintza klimatikoen inguruan galdetuta, Lasak argi du Mondraitz kirol klubeko antolakuntza horri aurre egiteko kapaz izango dela: "Apirilean ere denetik izan dugu, 2022an lasterketak ez zuen Udalatx igo eguraldiarengatik, eta baldintza klimatiko guztietara egokitu behar izan dugu bederatzi urte hauetan". Data horietan, elurra ere egin dezake, baina askorik ez badago, lasterketari "puntu estetikoa" eman diezaiokeela ere aitortu du.

Tontorra estreinakoz

Hamargarren edizioak dakarren beste berrikuntza bat, tontorreko pasaera da –orain arte gurutze handia zegoen tokiraino igotzen ziren korrikalariak–. Horrenbestez, lasterketa apur bat teknikoagoa izango da, goialdean mendi lasterkariak harkaitz artean ibiliko direlako. "Orain arte, proposamen logikoa izan da gurutze handia zegoen puntara igotzea. Baina azken urteetan buruan genuen tontorra ere sartzea, eta 10. edizioaren aitzakia aprobetxatu dugu ibilbidean aldaketa hori egiteko", esan du Lasak.

Bestetik, tontorreko pasaera horrek, teknikotik baino gehiago, arriskutsutik gehiago izan dezakeela kontuan hartuta, tontorra igaro osteko jaitsieraren tarte txiki bat neutralizatuko dute: "zati horretan ezin izango da inor aurreratu". Bolondres kopurua ere areagotuko dute gune horretan: "Tontorra bakarrik ez, ibilbideko 21 kilometroak dira teknikoak eta edonon gerta daiteke zerbait, gure lana lasterketa osoan segurtasuna bermatzea da".

Dortsalak esleituta

Guztira, 1078 pertsonek eman dute izena Arrasate-Udalatx mendi lasterketan, eta horietatik 400 pertsonek izan dute behin-behinean dortsala eskuratzeko zortea –ehun dortsal arrasatearren artean banatu dira–. Bigarren urtez jarraian, zozketa bidez esleitu dituzte dortsalak; dortsala lortu duten horiek, astebeteko epea izango dute ordainketa egin eta parte-hartzea ziurtatzeko, dortsalik gabe geratu direnak berriz, itxarote zerrendan sartu dituzte. "Aurten, data aldaketak eraginda izen-emate epea astebete luzatzea erabaki dugu. Iaz, 800 pertsona inguruk eman zuten izena, eta, aurten hori gainditu dugu", esan du Lasak.  

Urtez urte, lasterketan izena ematen duen jende kopurua gora doa eta Lasarentzat pozgarria da hori: "Bolondresen, lasterkarien eta herriaren bultzadak errazagoa egiten du lasterketa antolatzea".

Jaia arratsaldean

Bestetik, lasterketak beteko dituen hamar urteak ospatzeko, jai bat antolatzeko asmoa ere badago. "Oraindik egingo dugunari forma ematen ari gara baina lasterketa larunbatean izateak, arratsaldean ere zerbait egitera animatu gaitu", dio Lasak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak