Hainbat puntu aho batez onartu zituen udalbatzak, besteak beste, etxeko laguntza zerbitzuaren lankidetza hitzarmenaren indarraldia luzatzea edota dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko ordenantzaren hasierako onarpena.
Edozelan ere, berdintasunari eta feminismoari buruz izandako eztabaidak hartu zuen protagonismoa. Izan ere, galdera eta eskaeren puntuan, Johanna Sanchez zinegotzi sozialistak hartu zuen berba, eta hiru gai nagusi aipatu zituen. "Alde batetik, Batzordearen lan erritmo egokia eskatzen dugu. Izan ere, hamalau batzorde besterik ez ditugu egin bi urtetan. Bestalde, udaletxeko osoko bilkuren aretoko koadro guztiek gizonezkoenak izaten jarraitzen dute eta gai hori premiaz lantzea gura dugu. Azkenik, emakume txokoa espazio duin batera lekualdatzea ezinbestekoa iruditzen zaigu".
Eva Abuinek, Feminismoa eta LGTBI+ saileko zinegotziak, zera erantzun zion: "Zergatik esaten duzu hau hemen? Zergatik ez duzue inoiz galdetu batzordeetan eta osoko bilkuran bai? Zein da horren helburua? Bestalde, gogorarazten dizut laugarren gizona jartzearen alde bozkatu zuela zure alderdiak, PSE-EEk. Hipokrisia da hori. Ez duzue sinisten ez berdintasunean ezta feminismoan ere; erabili egiten duzue politika egiteko eta hori oso tristea da".
Kepa Urteagak, EH Bilduren bozeramaileak, azkenik, azaldu zuen emakume bakar baten koadroa zegoela udaletxean eta orain ez dakitela non dagoen. "Joan den agintaldian desagertu zen eta ez dakigu non dagoen". Sanchezek erantzun zion ekarriko dutela koadro hori.