Txiki Txokoa handitzeko lanak "aurten" esleitzea eskatu dio EAJk Gobernuari

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko azaroaren 4a

Ander Garay EAJren udal bozeramailea, Txiki Txokoan.

Maalako Errabala kalean dagoen Txiki Txokoaren handitze lanak "2025a amaitu baino lehen" esleitzea eskatu diote jeltzaleek Udal Gobernuari, "espazio berriak 2026ko udaberrian ateak ireki ahal izateko". 

2025eko otsailean lokal berriaren alokairu kontratua sinatu zuen Udalak, Txiki Txikoa handitzeko, eta proiektua lehenbailehen esleitzea gura du EAJk. "Negua dator eta Txiki Txokoaren erabilera biderkatu egiten da. Arrasateko familiek luzaroan espero zuten zabalkuntza gauzatzeko unea da", adierazi du Ander Garayk, jeltzaleen udal bozeramaileak.

Txiki Txokoa 2018ko abenduan ireki zuten, EAJ Gobernuan zela, "arrasatear familien eskaera bati erantzuteko", Garayk azaldu duenez. "Ordutik, harrera bikaina izan du guneak, eta udalerriko haurrentzako topagune eta bizikidetza gune gisa finkatu da", dio. "Arrakastaz eta eskaera gero eta handiagoaz jabetuta, 2024ko apirilean, Belaunaldiarteko Batzordean proposatu genuen instalazioak handitzea, ondoko lokala libre geratu zela aprobetxatuz, bere garaian, espazio hori lokal-multzo beraren parte izan baitzen", nabarmendu du Garayk.

Eskaera Udal Gobernuak aztertu eta onartu zuen, eta 2025eko otsailean lokal berriaren alokairu kontratua sinatu zuten. Ordutik, Udalak jarduera egokitzeko eta legeztatzeko obren azterketa teknikoa eta aurrekontua landu ditu, eremu bakoitzean eskainiko diren zerbitzuak definituz, 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzako espazioa lokal berrian, eta egungoa 2 eta 6 urte bitarteko adingabeentzat.

Horren harira, Garayk dio proposamenak "urtebete baino gehiago" daramala mahai gainean, eta dagoeneko bi negu igaro direla "egungo eskaera handiarentzako espazio txikiagoarekin". 

Proiektua onartuta egonik, jeltzaleentzat funtsezkoa da azken pausoa lehenbailehen ematea. "Lokala alokatuta dago eta nahikoa soberakin dugu urtea amaitu aurretik proiektuari aurre egiteko. Obrak adjudikatu eta gauzatzeko borondatea baino ez da falta. Orain jarduten badugu, hau izango da lekurik gabeko azken negua, eta hurrengoan, familiek Txiki Txoko duin, zabal eta abegikor batez gozatu ahal izango dute" azpimarratu du Garayk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak