Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Avanza emakidadunean sustatutako Lurraldebuseko telefono bidezko salmenta-zerbitzuak urtebete bete du, eta guztira 4.636 txartel saldu dituzte. Arrasateko Nagusien Kontseiluak egindako eskaera izan zen, eta gaur goizean elkartu da Azahara Dominguez diputatua kontseiluko ordezkariekin. Dominguerez bere departamentuan zerbitzuari egin dion jarraipena azaldu eta datuak partekatu dizkie.
Azaldu duenez, saldu dituzten 4.636 txarteletatik, gehienak emakumeek erabili dituzte: bide horretatik txartelak erosi dituzten pertsonen %72 izan dira emakumeak, eta gizonezkoak %28. Era berean, soilik %15ek eskatu du zerbitzua euskaraz ematea. Udako hilabeetan gehiago erabili izan da zerbitzua.
Beste zenbait eskaera
"Pozik gaude, gure ustez oso zerbitzu garrantzitsua delako Internetera sartzeko zailtasunak dituzten pertsonentzat, eta hori hobetzen jarraitzeko modua aztertuko dugu, herritarrentzat eskuragarriagoa izan dadin", azaldu du Dominguezek. Bileran zehar, Arrasateko Nagusien Kontseiluko ordezkariek txartelen erosketa telefonikoa are gehiago sinplifikatzea, informazio-panelak eskuragarriago egitea edo Arrasateko konexioak hobetzea. Autobus geltokian eta taxi zerbitzuan hobekuntzak egiteko ere eskatu dute.
Arrasateko Nagusien Kontseiluko kide Pili Iriartek eskerrak eman dizkio Azahara Dominguezi kontseiluarekin hitz egiteko erakutsitako prestutasunagatik, eta "zerbitzu hau eskatu behzala" martxan jarri duelako. "Hala ere, oraindik hobetu beharreko gauzak daudela uste dugu, eta gaurko bileran azaldu ditugun gaiak aztertzea espero dugu", gaineratu du.
Telefono bidezko txartelen salmenta
Lurraldebusen txartelak telefono bidez erosteko zerbitzua astelehenetik domekara dago martxan, 07:30etik 21:30era –urtarrilaren 1ean eta abenduaren 25ean izan ezik–. Erabiltzaileek 843 74 02 86 telefono zenbakira deitu beharko dute txartelak erosteko, eta erosteko baldintzak online erosketakoaren berdinak dira.
Halaber, erabiltzaileek telefono-zerbitzuaren bidez edo Avanza webgunearen bidez erositako txartelak aldatu eta baliogabetzeko aukera dute, online erosketaren baldintzen arabera.