Amazonen Aprendizak programaren barruan langileak prestatzeko helburua duen bi urteko prestakuntza trinkoaren ondoren, lehen edizioko 20 ikasleek diplomak jaso dituzte. MGEP eta Amazon 2023an hasi ziren lankidetzan eta mekatronika industrialeko goi-mailako heziketa zikloaren bitartez gauzatzen da formakuntza, eredu dualean. MGEP prestakuntzaren aldi teoriko trinkoa eskaintzen du eta Amazonek Espainiako hainbat probintziatan dituen zentro logistikoetan praktika profesionalak.
Logistika-sektorearen beharrak
Ekimenak Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzarekin lankidetzan burutu da. Hiru aldeek azpimarratzen dute sektorearen benetako beharretara egokitzeko konpromisoa. "Mondragon Goi Eskola Politeknikoak doitu egin du Mekatronika Industrialeko goi-mailako heziketa-zikloaren formatua Amazonen eskakizun espezifikoei erantzuteko eta konpainiak bere eragiketa-zentroetan behar duen talentu teknikoa prestatzeko. Programaren eduki akademikoari uko egin gabe, irakasteko modalitatea aldatu da, ikasleek aukera izan dezaten prestakuntza teorikoa Arrasaten egiteko eta alderdi praktikoa Amazonek Espainiako hainbat probintziatan dituen zentro logistikoetan osatzeko", azaldu dute MGEPtik.
Hazten ari den programa
Gaur egun, MGEPren eta Amazonen arteko lankidetza hazten ari da, eta 132 pertsona matrikulatu dira programan. Programaren bilakaeraren eta etengabeko hobekuntzaren barruan, beste ekimen batzuk jarri dira martxan ikasleen nazioarteko proiekzioa indartzeko. Besteak beste, Alemaniako Merkataritza Ganberaren homologazio-azterketa egiteko berariazko prestakuntza emango da, beren garapen profesionala Europan -bereziki Alemanian- jarraitu nahi dutenentzat.