EROSKIk eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2013tik duten lankidetza-hitzarmena berritu egin dute, hiru euskal lurraldeetako nekazaritzako elikagaien industria indartzeko eta garatzeko. Hitzarmenak hiru urteko indarraldia izango du, eta nekazaritzako elikagaien sektore jasangarri, berritzaile eta Euskadin aberastasuna sor- tuko duenaren aldeko apustu partekatua sendotzen du. Hala, 2013an lehen hitzarmena sinatu zenetik, Euskadin tokiko produktuen salmentak %217 igo dira produktu freskoetan eta % 133 elikagaietan. Bereziki aipagarria da zenbat hazi diren barazkien, haragiaren, gaztaren, esnearen eta Eusko Label zigiluaren babesean egindako produktu guztien salmentak.
Hainbat ordezkari
Hitzarmena Lurraldea, produktua eta konpromisoa topaketaren esparruan sinatu da. Kooperatibak Jundizen duen freskoen plataforma logistikoan egin da, eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektore osoak parte hartu du. Ekitaldiaren buru izan dira Amaia Barredo sailburua eta Rosa Carabel, EROSKIren zuzendari nagusia, eta bertan izan dira, baita ere, Raul Perez de Iratxeta Elikadurako eta Landa Garapeneko sailburuordea, Asun Bastida EROSKIren tokiko produktuen zuzendari komertziala, foru aldundietako ordezkariak, HAZIren arduradunak eta Euskadiko nekazaritzako elikagaien elkarte nagusietako ordezkariak.
Rosa Carabel zuzendari nagusiak hitzaldian azpimarratu duenez, "hitzarmen hau berritzeak berretsi egiten du EROSKIren baliabide guztiak Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorearen hazkundearen zerbitzura jartzeko" duten borondatea. "Bertakoa sustatzea komunitatea eraikitzeko eta gure inguruan benetako eragina sortzeko modua da. Kooperatiba gisa, gure konpromisoa da ekoizleekin eta kontsumitzaileekin balio partekatua sortzea, landa-ingurunearekiko lotura indartuta".
Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, akordioa Jaurlaritzaren beraren estrategiaren barruan sartzen da; hau da, Euskadiko lehen sektoreari eta nekazaritzako elikagaien industriari laguntzeko estrategiaren baitan, ekonomiaren, lurralde kohesioaren eta trantsizio ekologikoaren funtsezko zutabeak baitira. Alde biek konpromiso bera dute: Euskadin egindako kalitatezko produktuen komertzializazioa bultzatzea, landa-ekintzailetza sustatzea eta elikadura osasuntsuago eta jasangarriago baterantz aurrera egitea.
Ildo beretik mintzatu da Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua: "EROSKI funtsezko eragilea da Euskadiko elikaduraren balio-katean. Tokiko produktuak eta produktu jasangarriak komertzializatzeko konpromisoa du, eta horrek eragin erabakigarria du nekazaritzako elikagaien sektorearen garapen ekonomikoan eta gure ekoizleen balorizazioan".
Hitzarmenaren konpromisoak
Hitzarmenaren baitan, EROSKIk hartutako konpromisoen muinean daude jasangarritasuna eta tokiko ekoizleentzako laguntza zuzena. 2022az geroztik, kooperatibak laguntza-programa bat bultzatzen du, sektoreko eragile txikiei hazten, profesionalizatzen eta merkatu gero eta zorrotzagoaren erronkei aurre egiten laguntzen diena, berrikuntzan eta gobernantzan hobekuntzak sustatuta. Gaur egun, tokiko ehun ekoizlek baino gehiagok hartzen dute parte programa horretan Euskadin, eta elikagaien freskotasuna eta kalitatea ziurtatzen dituen, garraio-kilometroak minimizatzean karbono-aztarna murrizten duen eta sektorea indartzen duen eredua hedatzen laguntzen dute.
Beste jarduteko ildo bat da tokiko produktua EROSKIren dendetan sustatzea eta ikusaraztea, kontsumitzaileek errazago identifika ditzaten seinaleztapenaren eta gune nabarmenen bidez. Horrez gain, nekazaritzako elikagaien sektorearekin eta administrazio publikoekin harreman egonkorrak eta baliagarriak sortzeko xedea du, Euskadirentzat etorkizun jasangarriagoa eraikitzeko konpromiso partekatuan oinarrituta.
Bestalde, Jaurlaritzak bere gain hartu du nekazaritzako elikagaien sektorearen inguruko lankidetza instituzionala dinamizatzeko konpromisoa, EROSKIrekin komunikazio arina eta etengabea bermatzeko. Hitzarmenaren arabera, proiektu bateratuak sustatuko dira erreferentziazko zentro teknologikoekin –Azti, Neiker, Elika eta Basque Culinary Center– berrikuntzan, elikagaien segurtasunean eta produktu berrien garapenean aurrera egiteko. Gainera, Eusko Jaurlaritzak lehen sektorearen ekoizpena sustatuko du, ekintzailetzak babestuko ditu eta, aldi berean, nekazaritza eta elikagaigintza-kateko eragileen lana aintzatetsiko du.
368 hornitzailerekin
2013an lehenengo hitzarmena sinatu zenetik, EROSKIn tokiko produktuen salmentak %217 igo dira produktu freskoetan eta %133 elikagaietan. Euskadiko 368 hornitzaile komertzialekin egiten du lan EROSKIk. Horietatik %70 inguru nekazaritzako elikagaien ekoizle txikiak dira, eta tokiko produktuen 2.400 erreferentzia baino gehiago eskaintzen ditu dendetan. 2022az geroztik, kooperatibak laguntza-programa bat bultzatzen du, sektoreko eragile txikiei hazten eta profesionalizatzen laguntzen diena. Eusko Jaurlaritzak eta EROSKIk berretsi duen hitzarmenak hiru urterako indarra izango du, eta Euskadiko tokiko nekazaritzako elikagaien sektorea jasangarriagoa eta lehiakorragoa izan dadin lan egitea du helburu.