Hurrengo eguenean, azaroak 6, izango da Kooltur Ekintzak azarorako antolatu duen kontzertuetako lehena, eta Chuleria, Joder! punk-rock musika taldea izango da oholtzara igoko den lehen taldea. Siempre me siento regular deituriko bigarren diskoa argitaratu berri dute, eta hurrengo eguenean disko berriko abestiak aurkeztuko dituzte Arrasateko gaztetxean. Ohikoa den moduan, kontzertuak 22:00etan hasiko dira eta sarrerak 7 eurotan egongo dira salgai.
Kooltur Ekintzak eskaintza berezi bat izango du azaroan: De cuando existía el purgatorio antzerkia. Itziar Ziga kazetariak idatzitako obra da, eta trans mundua eta genero identitateak eszenaratzen ditu ikuspegi kritiko baten bitartez. Horrez gain, azaroaren 20an, Zuberoako sustraiak Jamaika inguruko doinu beroekin konbinatuz, Mauleko Xiberoots reggae taldearen kontzertu emanaldia izango da Arrasateko gaztetxean, eta, hilabetea amaituko du La Raizeko abeslariaren proiektu berria den Maloa Brothers taldearen kontzertuak.
Egutegi "zabala"
Egutegiari dagokionez, hiru kontzertuk eta antzezlan batek osatuko dute azaroko egitaraua. "Zabala", Iker Barandiaran Kooltur ekintzako antolatzailearen esanetan: "Saiatzen gara askotariko proposamenak eramaten oholtza gainera.
Azaroari dagokionez, Xiberoots taldearen reggaearekin, Chuleria, Joder! talde rockeroarekin, Maloaren estilo beroarekin eta De cuando existía el purgatorio antzezlanarekin, egitarau interesgarria izango da".
