Arrasateko Udal Bibliotekak lau lupa berri erosi ditu, liburutegiko zerbitzuek irisgarritasun handiagoa izateko eta ikusmen arazoak dituzten pertsonek ere liburutegiko baliabideak eroso eta autonomiaz erabili ahal izateko. Hain zuzen, azaroaren 3tik aurrera egongo dira erabilgarri, eta, horien bitartez, erabiltzaileek aukera izango dute liburuak, egunkariak, informazio liburuxkak eta bestelako dokumentuak irakurtzeko.
Euskal enpresa batek egiten dituen lupak dira, eta Euskal Herriko beste hainbat udal liburutegiren interesa piztu dute dagoeneko; haiek erosteko ideia Getxoko Udal Liburutegitik etorri zela azaldu du Asun Agirianok, Arrasateko Udal Liburutegiko zuzendariak: "Ikusi genuen Getxoko liburutegian horiek erabiltzen zituztela. Beraz, harremanetan jarri ginen enpresako langileekin eta Getxoko liburutegiko arduradunarekin; jakiteko haiek egiten zuten balorazioa zein zen".
Ideia Getxoko liburutegik sortu bazen ere, ikusmen murriztua duen jendearentzako zerbitzu berri baten "beharra" zegoela azaldu du Agirianok: "Ikusmen murriztua duten erabiltzaile batzuk ezagutzen ditugu, eta haiei begira zerbait egin nahi genuen. Liburutegiko helburuetako bat beti izan da gure zerbitzuek balio izatea gizarte inklusiboagoa sortzeko, eta ideia horretatik abiatzen ditugu ekimenak. Nahi dugu gure zerbitzua lagungarria izatea ahalik eta jende gehienarentzat".
Udal liburutegian gailu elektroniko batzuekin proba egin zuten lupak erosi baino lehenago. Agirianok azaldu duenez, hainbat erabiltzailerentzat gailu elektronikoetara moldatzea "ez zen erraza" eta, horrenbestez, erabiltzeko "oso errazak direlako", ikusmen murriztua duen "baliabide aproposak" zirela iruditu zitzaizkien liburutegiko langileei: "Lupa elektronikoek teknologia berri bati aukera ematea izan zen. Tresna bitxia iruditu zitzaigun, aukera ona zela. Batzuetan, adineko pertsonentzat eta, gainera, ikusmen arazoak dituztenentzat irakurtzea lan nekeza izan daiteke, eta lupa horiek testua irakurri eta ondoren audioen bitartez ematen dute informazioa. Horrez gainera, tradizionalak lepotik zintzilikatzen dira, argia dute, eta oso tresna erosoak dira gailu elektronikoekin moldatzen ez diren pertsonentzat".
Irisgarritasuna hobetzeko
Hortaz, kulturaren irisgarritasuna "hobetzeko" lau lupa berri izango dira liburutegian; bi tradizional eta beste bi elektroniko, hain zuzen. "Graduazio handiko bi lupa tradizionalek, lepoan zintzilikatzeko sistemari esker, adinekoei eta ikusmen arazoak dituztenei irakurtzeko esperientzia erosoa eta independentea eskaintzen diete. Bi lupa elektroniko berritzaileek, berriz, testuen irudiak hartu eta automatikoki audio fitxategi bihurtzeko gaitasuna dute. Gailu horiek euskaraz eta gaztelaniaz irakurri eta testuak 30 hizkuntza baino gehiagotan itzultzeko eta irakurtzeko aukera ematen dute", azaldu du Udalak.
Liburutegian eta liburutegitik kanpo erabili ahal izango dira lupak. "Azken urteetan hainbat tresna uzten ditugu maileguan eramateko, ordenagailu eramangarriak, esaterako, eta, oso ongi funtzionatzen duen zerbitzua da. Orduan, bi erosi ditugu, haietako bat beti liburutegian izateko eta bestea jendeak etxera eraman ahal izateko. Jendeari zaintzeko konpromisoa eskatuz, noski", azaldu du Agirianok.