Arrasateren iragana astintzeko zikloa azaroaren 5ean abiatuko dute

Eneko Azurmendi Barrena 2025eko urriaren 29a

Arrasate Zientzia Elkarteko kideak, kartelarekin, aurkezpenean.

Arrasate Zientzia Elkarteak Iragana astintzen hitzaldi zikloaren hamahirugarren edizioa aurkeztu du. Lau hitzaldi izango dira eta azaroan egingo dituzte guztiak, eguaztenetan, 19:00etan, Kulturateko areto nagusian. Bi saio euskaraz izango dira eta beste bi gaztelaniaz.

Azaroaren 5ean, 12an, 19an eta 26an egingo dituzte Iragana astintzen zikloaren baitako lau hitzaldiak. Lehen biak euskaraz izango dira eta beste biak, gaztelaniaz. Lehen hitzaldiari dagokionez, honako hau izango da: Eta Ipuskoa ez zen Gipuzkoa? Leintz harana 1025ean, lurraldearen, ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik. Iosu Etxezarraga izango da hizlaria. "Arkeologoa da eta gurekin ibili izan da mendian, hainbat indusketatan, Anporretan, besteak beste. Ziklo honen baitan beste behin ere egin zuen hitzaldia, herrien sorrerari buruz. Ipuskoa erakusketaren arduraduna ere bera da", azaldu du Arrasate Zientzia Elkarteko kide Jabier Bengoak. 

Gaiari buruz, Bengoak nabarmendu du Arrasate eta Leintz bailara Ipuskoa baino lehenagokoak direla. "Etxezarragak emango digu horren berri, hainbat aurkikuntza erakutsita".  

Bigarrena, altzairuaren eraginari buruz

Azaroaren 12an izango da bigarren hitzaldia, eta Jose Antonio Azpiazu historialariak egingo du, Arrasateko historian eta gizartean altzairuak izan duen eragina eta garrantzia azpimarratuz. "Oso pertsona gertukoa da guretzat Azpiazu, eta ziklo honen baitan hitzaldia egindakoa da hura ere. Askotariko liburuak idatzi izan ditu eta, oraingoan, altzairuak izan duen eraginean zentratuko da", dio Bengoak.

XIX. mende hasierako emakumeei buruz

Las mujeres vascas (1808-1821) victimas y heroinas izeneko hitzaldia izango da hirugarrena, azaroaren 19an, Iker Etxeberriaren eskutik. Historia modernoan doktorea da EHUn eta, antolatzaileek azaldu dutenez, garai hartan emakumeek izan zuten rolari buruz ariko da Kulturaten egingo duen saioan. "Oro har, euskal emakumeetan zentratuko da baina, noski, Arrasateko erreferentzia eta adibide batzuk ere emango ditu. Horretan saiatzen gara beti. Interesgarria da, frantsesen garai hartan emakumeek izan zuten rolari buruz ez baitakigu gauza askorik".

Juan de Elejalderen lana ardatz

Azaroaren 26ko saioak itxiko du zikoa. Hain zuzen, Juan de Elejalde margolari arrasatearrari buruzko hitzaldia egingo du Arte Ederretan doktorea den Miren de Miguelek. Juan de Elejalde, de la anteiglesia de Garagarza, y el renacimiento de Azpeitia du izena hitzaldiak. "Garagartzakoa zen Juan de Elejalde margolaria, XVI. mendekoa. Goi mailako margolaria zen, eta batez ere elizetan aritzen zen lanean. Araba aldean, esaterako, lan asko egin zituen", adierazi du Anabel Ugaldek, Arrasate Zientzia Elkarteko kideak. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak