Errepertorio bateratuan Martzillako arku dantza, zinta dantza, jota eta makil dantza sartu dituzte. Lore Gazteak-eko nagusiek, duela gutxi estreinatutako Arkupeien dantza sorta ere eskaini dute, ekitaldia osotzeko.
"Ikerketa lanaren" emaitza
Lore Gazteak dantza taldeko beteranoen kide den Nagore Ipiñak azaldu duenez, urtero maiatzean, "ekitaldi berezi bat" prestatzen dute, errepertorioan dantza berriak sartzeko. Horretarako, "ikerketa lana" egiten dute, eta, horrela ezagutu zituzten Martzillako dantzariak. "Normalean bideoetatik atera izan ditugu dantzak, baina, kasu honetan, Dantza sorta bat izanik, bertara joatea erabaki genuen. Egun osoa pasatu genuen bertan, intentsua izan zen baina dena ondo irten zen. Gero, pixkanaka, fintzen, lantzen eta hobetzen joan gara" esan du Ipiñak.
Horrela, Martzillan aritu ostean, bertako dantzak Arrasatera ekartzeko erabakia hartu zuten. "Maiatzean, ikasitakoa plazaratu genuenean, sekulako zaparrada bota zuen eta gehiagorako gogoarekin gelditu ginen, horregatik, hemen errepikatzea erabaki dugu".
Martzillako dantzariak "pozik"
Matzillako dantza taldeko kide den Nerea Pejenaute ere "pozik" geratu da emanaldiaren ostean: "Ez genuen hainbeste jende espero. Asteburu osoa darama euria egiten eta oso polita izan da bi taldeak elkartzea, bakoitza bere janzkerekin, gustatu zait". Martzillan edo Arrasaten gaurkoa errepikatzeko aukerarik badago, "gustura" egingo dutela ere gaineratu du Pejenautek.