Palestinaren alde manifestazioa egingo dute bihar Arrasaten

Goiatz Arana Begiristain 2025ko urr. 24a, 15:51

Israel genozida. Palestina askatu lelopean egingo da, Lidl saltokiaren aurretik abiatuta, 19:00etan.

Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sareak deitu du mobilizazioa; aurreratu zuten asmoa joan zen hilaren 23an, Elorregin sarea aurkezteko egindako agerraldian.

Bihar 19:00etan abiatuko da, Lidl saltokiaren aurretik. Handik Gipuzkoa etorbidera, Biterira, Iturbide aurretik San Juan Bataiatzailearen parrokiara, Iturriotz kaletik Portaloira eta Herriko Plazara egingo du. Bertan emango diote itxiera, ekitaldi batekin: komunikatuaren irakurketa eta musika izango dira. Ibilbidean zehar hainbat geldialdi egitea ere aurreikusten dute, "aldarriak indartzeko". Gaueko hamarretan hasita, bestalde, jai antisionista izango da gaztetxean, BDZ Arrasate taldeak antolatuta.

Egungo egoeraren irakurketa

Gazarako bake planari buruz, Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sareko kide Igor Urizar arrasatearrak adierazi du "errealitateak arrazoia eman" diela: "Plan hori bake hitzetik oso urrun dago; izan ere, palestinarren egoera gutxi aldatu da. Egia da genozidioaren erritmoa jaitsi egin dela, baina ez da eten: hilketak egunero gertatzen dira eta Israelgo estatuak elikagaien sarrera blokeatzen du". Plana Palestinaren aldeko mugimendua "gelditzeko modu bat" dela erantsi du: "Nazioarteko mugimendua goraka zihoala ikusirik, hori geldiarazteko saiakera bat izan da ustezko bake plan hori. Errealitatea ikusirik, borrokan jarraitu behar dugu, Israelgo estatuaren izaera bukatu arte".

Sarearen ibilbidea

Elorregin egindako aurkezpen ekitalditik gaurdainoko urratsez galdetuta, Urizarrek dio "sare jaio berria" dela eta "ibilbidearen hasiera" dela, baina ari dela pauso batzuk ematen. Global Sumud flotillaren erasoari emandako erantzuna ipini du horren adibide moduan, herrietako agerraldiak antolatzeko egindako koordinazio lanari erreferentzia eginez. Edozein kasutan, azaldu du biharko manifestazioa antolatzera bideratu dutela orain arteko indar gehien eta aurrera begira jarraitzea dela asmoa, "zoritxarrez, Palestinaren egoera ez doalako hobera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak