Ointxe saskibaloi taldean bizitza erdi baino gehiago jokatzen eman ondoren, joan den denboraldiarekin batera taldeari agur esateko ordua iritsi zitzaion Martxel Balanzategi (Arrasate, 1992) kapitan ohiari. Klubak Iturripen jokatutako ligako lehen partidua baliatu zuen Balanzategiri merezitako agurra emateko eta urteetan zehar egindako lana eskertzeko. Bertan izan ziren arrasatearraren familia, kuadrillako lagunak, taldekideak, eta baita taldekide ohiak ere.
Nolakoa izan zen omenaldi eguna?
Une polita izan zen, hunkigarria. Zerbait intuitzen nuen, eta, horrez gain, mezuren bat heldu zitzaidan lehenago. Ez nekien zer izan zitekeen, eta, ondoren, Iturripera heldu eta nire izena entzun nuenean, ezustean harrapatu ninduen omenaldiak. Iturripen kuadrillako lagunak, aspaldian izandako taldekideak eta jende guztia ikusi nuenean oso polita iruditu zitzaidan. Bertsoarena eta kamisetarena ere ikaragarria izan zen, egun hunkigarria niretzat.
Egun ezin hobea, gainera, taldeak garaipena lortu baitzuen.
Dena bikain irten zen, egun hunkigarria niretzako. Gainera, denboraldiko lehen garaipena lortu zuen taldeak, eta omenaldiari ere ez zitzaion ezer falta izan. Ezin naiz kexatu.
Noiz hartu zenuen erabakia?
Erabakia denboraldian zehar hartu nuen. Hasieran erronka nahiko gogotsu hartu nuen beste urtebetez taldean jarraitzeko. Tartean, bilera batzuk izan genituen dinamika aldatzeko asmoarekin, eta ez genuen helburua guztiz lortu. Horrekin batera, motibazioa galtzen hasi nintzen, eta jada ez nuen saskibaloiaz disfrutatzen lehen egiten nuen bezala. Ez kirolarengatik berarengatik; baizik eta kostata hartzen nituelako entrenamenduak eta kostata joaten nintzelako partiduak jokatzera.
"Motibazioa galtzen hasi nintzen, eta jada ez nuen saskibaloiaz disfrutatzen lehen egiten nuen bezala"
Gogorra izan zen mezua taldeari helaraztea?
Denboraldi amaiera aldera argi nuen erabakia, baina egia da klubari komunikatzea zaila egin zitzaidala. Taldeari dagokionez, baja asko egon dira, eta, alde horretatik, banekien zein izango zen haietako askok hartuko zuten erabakia. Alde horretatik, ez zitzaidan asko kostatu taldeari nire erabakia esatea, baina, zalantzarik gabe, zailena mezua klubari helaraztea izan zen.
Nolakoak dira partidurik gabeko asteburuak orain?
Egia esan, nahiko lasai nago. Hasiera batean, kezkatu egin ninduen horrek. Horrenbeste urte astebururo lehiatzen aritu ondoren ez nekielako nola erantzungo nuen. Baina, egia esan, ez dut askorik faltan igartzen. Nahiko lasai nago, eta horrek erakusten dit erabat ados nagoela hartutako erabakiarekin.
Zer da taldetik gehien faltan igartzen duzuna?
Une honetan gehien faltan igartzen dudana taldekideak dira; haiekin nuen harremana. Beti baloratu dut hori. Taldea familia bat zela iruditu zait beti, eta, izandako taldekide guztiekin, behintzat, beti eskertu dut izan dugun giro ona. Askotan, hori izan da taldean jarraitzeko arrazoi nagusia; entrenamenduetara eta partiduetara gogotsu joatera bultzatu nauena.
Zer eramaten duzu Ointxetik?
Saskibaloiaren inguruan esperientzia mordoa bizi izan ditut. Hogei urte saskibaloian jokatu ondoren, istorio mordoa ditut kontatzeko. Kantxa barruko bizipenei dagokienez, urte askoan oso maila altuan lehiatu gara. Gogoan dut EBA mailara igo ginen denboraldia; Iturripen jokatu genuen lauko finala. Urte hartan Iturripe guztiz beteta ikustea ikaragarria izan zen niretzat. Sekula ahaztuko ez dudan zerbait. COVID garaian, LEB bigarren mailako txartela eskuratu genuen, liga lehen postuan amaituta, eta Saloun jokatutako igoera fasea ere oso polita izan zen.
Jokalari bezala, debutetik amaierara arte asko aldatu zinen?
Bilakaera bat izan nuen, noski. Jokalari eta pertsona bezala aldaketa handia izan dut. Saskibaloi aldetik, postu batean jokatzen hastetik beste postu askotara moldatu nintzen, eta azken urteetan jada jokalari konpletoa izatera heldu nintzen. Azkenean, ia edozein postutan jokatzera heldu naiz, eta, lan asko eginda, denetan maila ona erakutsi dudala esango nuke.
Aurtengo denboraldira begira, nola ikusten duzu taldea?
Talde oso gaztea da. Beterano batzuk mantentzen dira oraindik, eta irakasle eta eredu bikainak direla esan dezaket; niretzako ere ereduak izan direlako. Haietatik asko ikasiko dute, eta nik gazteei esango nieke ikasteko prest egoteko. Hasierako urteak zailak izango dira; izan ere, Hirugarren FEB Maila ez den arren, lehia handiko liga da aurtengoa. Hortaz, lan asko egin beharko dute. Hala ere, une gogorrez asko ikasten da eta ziur nago gogor borrokatuz gero maila bikainean jokatzera helduko direla.
Hemendik aurrera, saskibaloia gertutik jarraituko duzu?
Asmoa da ahal dudanetan Iturripera joatea partiduak ikustera. Horrez gain, taldearen barruan zerbait egiteko asmoa ere badaukat. Alde horretatik, ez dut neure burua entrenatzaile gisa ikusten, baina zuzendaritzak laguntzarik behar badu, badakite ni gertu nagoela laguntzeko.