Nola oroitzen duzu Arrasatera etorri baino lehenagoko garaia?
Edinburgon bizi izan nintzen 5-6 urte bete arte. Gero, Ingalaterrara, Yorkera, joan nintzen, lau urterako, baina Eskoziara itzuli nintzen, landako herri batera. Ikasketak amaitu nituen 17-18 urterekin, eta Edinburgora itzuli nintzen. Han bizi izan nintzen 24 urtera arte. Ostean, Ingalaterran egin nituen unibertsitate-ikasketak. 1994an etorri nintzen zuzenean hona.
Hiriburuaren eta landa eremuan bizitzearen artean alderik bazegoen?
Edinburgon igaro nituen lehen urteetan oso txikia nintzen, baina itzuli nintzenean, bizitza aldaketa handia izan zen. Hirian martxa eta mugimendu handia zeuden, oso gustura egon nintzen.
Nolatan etorri zinen Arrasatera?
Edinburgoko lagun bat Bergaran bizi zen, eta 1991n bisitan etorri nintzen; hain justu, Bergarako Kilometroak, Maritxu Kajoi eta Oñatiko jaiak harrapatu nituen, eta lekuak asko harritu ninduen. Atzerrian ingelesa irakasteko ikastaroa egin, eta hemen lana zegoelako etorri nintzen, nire lagunaren bidez.
"Uste dut Eskozia dela bakarra bere independentziaren aurka bozkatu duena"
Zerk harritu zintuen?
Hemengo lasaitasunak. Garai hartan, Eskozian eta Ingalaterran borroka gehiago egoten ziren, eta kontuz ibili behar izaten zenuen. Hemen ikusi nuen egunez giro ona zegoela; ez zegoela halakorik eta jendea irekia zela.
Beraz, ingelesa irakastera.
Bai, baina urtebeteko epearekin. Gero, beste bat, beste bat, beste bat... 31 urteren ostean, hemen jarraitzen dut.
Zergatik luzatu da urtebeteko plana?
Nire bikotekide ohiarekin etorri nintzen. Lehen urtean geure buruari galdetu genion hemen geratu edo ez; bigarrenean berdin. Halako batean erabaki genuen udaro ez genuela elkarrizketa bera izango, eta geratzea erabaki genuen; egunen batean itzuli nahi izanez gero, itzultzeko aukerarekin.
Beste arrazoirik?
Asko. Herria asko aldatu da. Gustatu zitzaizkidan herriko giroa eta punk musika. Herri punka da hau. Mendia ere gustuko dut, eta mendi ikaragarriak daude hemen. Gainera, uste dut garai hartan atzerritarra izanda errazagoa izan zela jende gehiago ezagutzea. Jende asko ezagutu nuen kontzertuetara joanda, motoan ibiltzen naizelako, mendian...
Aurrez hamar egun igaro zenituen hemen, baina bizitzera zentozenean, bazenekien nora zentozen?
Lehendabiziko aldiz hona etorri eta gero, jakin-mina neukan. Baneukan irudikapen bat, agian, oso erreala ez zena. Etorri aurretik, Julio Medemen Behiak filma ikusi nuen: baserriak, idi-probak... Euskal Herriari buruz nuen irudia hori zen [Barre]. Orduko Euskadi, ordea, ez da orain dena.
"Garai hartan atzerritarra izanda, errazagoa izan zen jende gehiago ezagutzea"
Nola aldatu da?
Mendea aldatu da, ni aldatu naiz, herria aldatu da, guztia aldatu da. Lehen, atzerritar gutxi zeuden. Politika ere ezberdina da. Herria fisikoki ere bai. Dagoeneko ez dago fabrikarik erdigunean.
Zer gustatzen zaizu Arrasatetik?
Bizitza soziala. Gustatzen zaizkit antolatzen dituzten ekintzak: Mondra&Roll, Kooltur Ostegunak... Ia eguenero joaten naiz gaztetxera, hain gaztea ez izan arren. Sekulako luxua da tamaina honetako herri batean horrelako areto bat edukitzea. Talde interesgarriak ekartzen dituzte.
Eskoziako erreferenduma nola bizi izan zenuen?
Esango nuke Eskozia dela herrialde bakarra bere independentziaren aurka bozkatu duena. Erreferendumaren ostean, brexit-a. Nire ustez, hori desastrea da. Eskoziak brexit-aren kontra bozkatu zuen, baina Erresuma Batuaren parte izanik, Europako Batasunetik kanpo geratu zen. Eskoziar askok gerora pentsatu dute hobe zutela independentziaren alde egin.
Eskozian badago migratzeko joerarik?
Hemen baino gehiago. Esango nuke hemen herri sentimendu handia nagoela: "Ni Mondrakoa naiz". Herriarekin eta familiarekin oso harreman estua duzue hemen; han ez da horrenbestekoa. Gainera, unibertsitatera joan nahi baduzu, etxetik urrun joan behar duzu. Gurasoak oporretan bakarrik ikusten dituzu. Uste dut Eskozian familiarekiko harremanak gehiago mozten dituztela.
Zer igartzen duzu faltan handik?
Familia eta lagunak. Lagun asko, ordea, ez dira han bizi. Herrialde bezala ez dut faltan igartzen, ez dut nostalgiarik. Bisitan noanean asko disfrutatzen dut.
Itzuliko zara?
Ez dakit zer egingo nukeen han. Hara joatea gustuko dut, baina bisitan. Bizitzera ez naiz joango.
MacGregorrek dio egitekoen artean daukala euskara ikastea
Urtebetez euskara ikasten aritu bazen ere, egitekoen artean dauka: "Lotsa sentitzen dut. Urtebetean ez duzu ezer ikasten. Dedikazio handia eskatzen du, eta denbora. Aitzakia dirudi, baina ordutegiak ere ez datorkit ondo, klase orduetan ni ere lanean nagoelako. Erretiratzen naizenean saiatuko naiz".
Bizitza erdi baino gehiago darama Arrasaten eta arrasatearra sentitzen da eskoziarra baino; gainera, badu anekdotarik: "Sentitzen dut hemen hazi naizela. Edinburgon egon nintzen batean, batek galdetu zidan ea nongoa nintzen, nire azentuagatik. Ingeleseko azentua ere aldatu zait".