Gure Zirkuak irekitako bidetik, ZirKuSS konpainia sortu zuen 2023an Lander Brionesek, Sustrai obra hartuz abiapuntu modura. Zuzendaria Iker Galartzaren lantaldeko kidea da, eta zirku abangoardista Euskal Herrira ekartzeko ideia izan zuen: "Kanadan, Frantzian eta Australian bogan dagoen ikuskizun mota da, zirku tradizionaletik aldentzen dena. Ez daude pailazoak, baina bai istorio dramatiko bat, dantza eta zirkuko elementuekin kontatzen dena", azaldu du proiektuaren ekoizle Alex Gibelaldek.
Donostiako Udalaren programa batean parte hartuta sortu zitzaion Brionesi hainbat artistarekin bi hilabeteko sorkuntza prozesua garatzeko aukera. Emaitza duela urtebete taularatu zuten, Andoainen, "publikoaren harrera bikainarekin". Joan den martxoan, dFERIA azokako itxiera-ekitaldian taularatu zuten berriz, "Espainia mailako hainbat kultura-programatzaileren aurrean, eta, gustatu egin zitzaienez, bira bat antolatzeko aukera sortu zitzaigun". Testuinguru horretan iritsiko dira Arrasatera, aurretik nahikoa izerdi bota eta gero. Izan ere, aurreko asteburuan Madrilen izan ziren, hiru egunez jarraian, eta larunbatean Getxon izango dira, Amaia antzokian aurkeztu baino egun bat lehenago, alegia.
KOREOGRAFIA KORAL BATEKIN AZALTZEN DUTE ENTROPIA: ALDATZEN DENA EZ DA LEHENGORATZEN
Koreografia korala
Miren Barrena artista plastikoa da istorioaren protagonista. Eskaiola lantzearekin batera, soka gainean erlazionatuko da gainerako zortzi aktoreekin: akrobata bikotea, trapezista bikotea, BMX aditua, malabarista, oihal-akrobata.... Gibelaldek azaldu duenez, "haiekin konexioak eginda errutinatik aldentzeko bidea hartuko du, atzera bueltarik ez duen bidea".

Izan ere, Sustrai obran oso presente dago materiaren degradazioa errepresentatzen duen entropia kontzeptua: "Hau da, zerbait aldatzen den momentuan, atzean geratzen da jatorria. Protagonista hasieran eta bukaeran nola dagoen... ez du zerikusirik izango". Metafora hori koreografia koral baten bitartez gorpuztuko dute, "formaren hauskortasuna eta mugimenduaren fluxu konstantea" irudikatuta.
Musikak indartuta
Ideia horri forma ematen asko lagundu duen beste elementu bat musika da. Musikene akademian ikasitako zazpi musikagilek sortu dute ikuskizunerako soinu-banda propioa, eta dramaturgiaren sorreratik ibili dira lanean. "Denok batera jarduteak soinuari sekulako indarra eman dio; une bakoitza laguntzen eta anplifikatzen du, denborak markatuz eta zenbaki bakoitzari izaera propioa emanez", azaldu du.
Argiztapenak, bestetik, asko laguntzen du ikuslearen arreta bereganatzeko orduan, bolumenak, itzalak, testurak eta distirak nabarmenduz.

Obra gehiago prestatzen
ZirKuSS-en estreinako pieza ikusi dutenek "flipatu" egiten dutela dio Gibelaldek, "sarritan zerekin topo egingo duten jakin barik" joaten direla kontuan hartuta. Bide batez, publikoak lehen eskutik izaten du zirkuaren balioen berri: "Fisikoki potentea izanik, talde-lanak, ausardiak eta konfiantzak duten garrantzia berehala igartzen da, norbere bizitza bestearen eskuetan jartzera iristen baitira".
Gazteei diziplina interesgarria iruditu dakiekeela gehitu du, artistek egiten dutena ikusita zirkuaren mundura gerturatzeko harra senti dezaketelako. Badirudi geratzeko etorri dela konpainia.
Badute beste ekoizpen bat esku artean: Picassoren Gernikan inspiratutako K.OS.