Azken urteetan, Arrasateko Herri Eskolak hobetzeko hainbat esku hartze egin ditu Udalak; Erguingo Herriko Eskolaren kasuan, 2024an egin zituzten jolas parke pedagogikoaren lanak, eta eraikinaren teilatua berritzea izan da bigarren obra handia.
Ongizate, Hezkuntza eta Bizikidetza zinegotziak, Jasone Giraldok, adierazi du "lan horiei esker eraikinak segurtasun handiagoa eta eraginkortasun energetiko hobea" izango duela, "egindako errefortzuek bide emango dutelako etorkizunean eguzki plakak instalatzeko".
Hala, itoginei eta teilatuko hegalen egoera txarrari konponbidea eman zaie, ikastetxeko komunitatearen ongizatea bermatzeko, "estalkiaren egoera orokorra hobetuta, hezetasunak eta filtrazioak saihesteko neurriak hartuta eta isolamendua indartuta".
Hurrengo esku-hartzea Bedoñabeko eraikinean izango dela aurreratu du Udalak, jolas parke pedagogiko berria eginda: "Esleipen prozesuan dago".