Baserritarrek artalde eta ganadua mendiko larreetatik etxaldera jaisten zutenean, bidea argiztatzen zuten kandelekin eta kalabaza-buruekin, herritarrei bazihoazela jakinarazteko. Negua ate-joka zetorrela esan nahi zuten usadio harekin. Gaba Baltzari gehitu dioten elementu sinbolikoetako bat da gaur egun. Urriko azken egunaren bueltan, bazuten ohitura Txatxilipurdin gaia etxe barruan lantzeko, baina kalera ateratzea erabaki zuten 2019an, eta ordutik halaxe dabiltza, herriko eragile ugarirekin batera. "Taupa euskaltzale mugimenduak antolatutako formakuntza bat jaso genuen, geure burua Gaba Baltzaren inguruko ezagutzekin janzteko. Ideia polita iruditu zitzaigun kalejira bat egitea, kukumarroz mozorrotuta eta suzia eskuan eroanda", azaldu du Txatxilipurdiko Itsaso Garaik.
Hala, Arimen Biltzarrak Biteritik Monterronerako ibilbidea egingo du, beste urte batez, urriaren 31n, ostirala, 18:30ean hasita. Bi guneetan errituz eta misterioz betetako ikuskizunez gozatu ahalko dute neska-mutilek, Ilargitxo pertsonaiaren presentziarekin.
Doke Antzerki Eskolak, TTAK gazte taldeak, Arrasateko txistulariek, Goikobaluk, Arrasateko Trikitixa Eskolak, Ibai-arte elkarteak, Txatxilipurdi elkarteak eta Arrasateko udal ludotekek zein gazte txokoek osatzen duten Arrasateko Gaba Baltza batzordea da ekitaldiaren bultzatzailea. "Aurten txistulariak, Goikobaluko haurrak, Trikitixa Eskolakoak eta oihal-akrobatak ere batu dira lantaldera. Guztion ekarpenaz lortuko dugu bizirik ez daudenak gure albora ekartzea", dio Garaik.
MONTERRONEN ETA BITERIN ERRITUZ ETA MISTERIOZ JOSITAKO IKUSKIZUNEKIN GOZATUKO DUTE
Heriotzaren gaia lantzea ere bada-eta Gaba Baltzaren helburuetako bat. Arimen Biltzarraz gain, ludoteketan eta gazte txokoetan ekintza ugari antolatu dituzte egunotarako: asteburu honi begira, Beldur Etxea egokitu dute tren geltoki zaharreko eraikinean, eta ludoteketan itzalen tailerretan eta sukaldaritza saioetan murgildu dira dagoeneko. Azaroaren 2an, gainera, Dorleta Kortazarren ipuinak adi-adi entzungo dituzte ludoteketako erabiltzaileek.
Erakusleihoak, apain-apain
Arrasatearrak konturatuko ziren Ibai-arteren gerizpean dauden hamahiru saltokitako erakusleihoak modu berezian apaindu dituztela egunotan: Altuna Lurrindegia, Arrasate Optika Optometria, Bea Lentzeria, Elkoro Osagarriak, Ennea, Intersport Loramendi
(Garibai), Kapikua, Kids&Us, Kili-Kolo, Luko, Maitia, Resusta Karririki eta Sustrai.
Lehiaketa batean parte hartzen dabiltza, eta herritarren botoak erabakiko du zein den politena, 688 73 41 49 zenbakira whatsapp bat bidalita, dendaren izenarekin.