Gorostizako igogailuak eta Udala Goikoaren urbanizazioa auzotarrek hainbat aldiz eskatutako proiektuak dira eta 2025eko aurrekontuan sartuta daude. Hala ere, momentuz, lizitatu gabe jarraitzen dute obrek. Horregatik, EAJk Udal Gobernuari eskatu dio proiektuei "merezi duten garrantzia" emateko. "Proiektu horiek funtsezkoak dira arrasatearrentzat, eta Udal Gobernuak seriotasunez jokatu behar du eta benetan gauzatzeko konpromisoa hartu, orain arte ez bezala", adierazi du Ander Garayk, Arrasateko EAJko ordezkariak.
Partida handitzearen alde
2025eko aurrekontuetan, bi proiektuetako partida handitzea eskatu zuten jeltzaleek. Udal Gobernuak, ordea, ez zuen eskaera hura babestu, eta salatu dute horrek ekarri zuela lizitaziora inor aurkeztu ez izana maiatzean Udal Gobernuak obren lizitazio prozesua hasi zuenean. "Prozesua berrabiarazi egin behar izan zen eta proiektua hiru hilabete atzeratu zen", dio Garayk.
Maiatzean bertan, Udal Gobernuak prentsaurreko bat eman zuen Gorostizako bizilagunekin, igogailu-sistemaren oinarri teknikoak aurkezteko. Bertan, epeak betez gero 2026ko lehen hilabeteetan proiektuak idatzita egon beharko zukeela aurreratu zuten. Dena den, EAJren ustez, "prozesuak atzerapen gehiago izaten jarraitu du".
Lizitazioa, "bertan behera"
Jeltzaleek azaldu dutenez, urriaren 6a izan zen Gorostizako igogailuen proiektuaren eta Udala Goikoaren urbanizazio proiektuaren lizitaziorako eskaintzak aurkezteko azken eguna, eta, egun bat geroago, kontratazio mahai bat deituta zegoen. Hala ere, azken unean, deialdia bertan behera geratu zela salatu dute. "Gauza bera gertatu zen urriaren 14an. Atzerapen berri horiek beste bi asteko atzerapena ekarri dute, eta kontratuak urtea amaitu baino lehen esleitzeko aukera zaildu", argudiatu du Garayk.
Lanak 2026an amaituta egotea gura dute jeltzaleek, eta, horregatik, "funtsezkotzat" jotzen dute lizitazio prozesua lehenbailehen aktibatzea, "alferrikako atzerapen gehiago saihesteko".
"Eskatzen dugu bi proiektu horien obrak agintaldi hau amaitu aurretik martxan egotea, eta Udal Gobernuak egutegi argi bat aurkeztea, gauzatzeko datak eta epeak ezarrita. Proiektu horiek funtsezkoak dira arrasatearrentzat, eta Udal Gobernuak seriotasunez jokatu eta benetan gauzatzeko konpromisoa hartu behar du, orain arte ez bezala", amaitu du Garayk.