2012tik ez dute udaltzain kopurua handitu Arrasaten eta Udal Gobernuak iragarri du Udaltzaingoaren plantilla handituko duela datozen urteetan, bost udaltzain plaza sortuz. Adierazi duenez, asmoa da datozen hiru urteetan plantilla indartzea, 2025ean bi udaltzain berri sartuz, 2026an beste bi, eta 2027an azken bat gehituz. "Ondorioz, 2027rako, bost udaltzain berri izango ditu Arrasatek, guztira 35 udaltzain, bost taldetan banatuta. 2025 urteari dagozkion bi langileak dagoeneko lanean daude behin behinean", nabarmendu du.
Udaltzaingoaren langile ordezkariekin lortutako akordioak "gertuko udaltzain eredu baten aldeko urrats garrantzitsua" dela azpimarratu nahi izan du Udal Gobernuak. "Helburua da herritarren segurtasuna sendotzea, trafikoaren kudeaketa hobetzea eta laguntza eta prebentzio lanetan eraginkortasuna handitzea", gaineratu du.
Egungo ratioa, "eskasa"
Arrasateko Udaltzaingoak, gaur egun, 30 langile operatibo ditu –25 udaltzain eta bost udaltzain-lehen–, baina duela hamahiru urtez geroztik ez dute udaltzain kopurua handitu, "nahiz eta udalerriak gero eta jarduera eta mugimendu handiagoa izan", Gobernuaren esanetan.
Arrasatek 22.000 biztanle baino gehiago ditu eta, Udaltzaingoaren txostenaren arabera, egunero 102.000 desplazamendu inguru jasotzen ditu, langileen joan-etorriak, Debagoieneko Ospitaleko erabiltzaileak, eta Mondragon Unibertsitateko komunitatea kontuan hartuta.
Txosten horrek zehazten duenez, egungo ratioa "eskasa" da, eta "beharrezkoa" da plantilla herriko tamainari eta segurtasun premiei egokitzea. "Gainera, udaltzain gehiago izateak ahalbidetuko du bulegoetako lan administratibo eta ikerketa arloko zereginak modu egokiagoan banatzea, kaleko zerbitzua kaltetu gabe".
Eskualdeko mailako deialdia
Plantillaren handitzea behin-behineko postuekin betetzen hasiko da, ondoren oposizio bidez beteko diren lanpostu estruktural bihurtzeko asmoz. Arrasateko Udala lanean ari da, Debagoieneko udalekin batera, eskualde mailako udaltzainen deialdia prestatzeko. Horrekin, lortu nahi dutena zera da: "Bertako eta gertuko udaltzain eredua sustatzea, eta eskualdeko koordinazioa eta elkarlana indartzea".
"Gertuko udaltzain eredua" sendotu gura dutela nabarmendu dute, "herritarrengandik hurbil dagoen eta haiei laguntzeko prest dagoen zerbitzua" emanez. "Plantilla handitzeak aukera emango digu herritarren segurtasunean, trafikoaren ordenazioan eta prebentzio lanetan urrats kualitatibo bat emateko", azaldu dute udal ordezkariek.
