Urriaren 25ean, zapatua, eguna hasteko, tela akrobatikoen ikuskizuna egingo dute Biterin, 12:30ean. Aretxabaletako Oholtza Mediokreen Kolektiboko, Larraitz Arandok, Idoia Sanchezek eta Amaia Alvarok eskainiko dute. Ondoren, 13:00etan, toki berean, jolas inklusiboak egongo dira, Txatxilipurdiren eta Begisare elkartearen eskutik. Bazkari nagusia 14:00etan egingo dute, oraindik zehazteke dago tokia, –eguraldiaren arabera erabakiko dute– tiketak jada salduta daude.
Eguna borobiltzeko, bazkaloste musikatua edukiko dute; izan ere, hainbat musikari ariko dira Biteri plaza girotzen: Izadi, Minetou Lehbib eta Ndank Ndank elkarteko hainbat kide.
Erakusketa ikusgai
Bestetik, elkartearen hiru hamarkadako ibilbidea jasotzen duen 250 argazkiz osatutako erakusketa ikusgai dago Kulturateko klaustroan. Azaroaren 7a izango da erakusketa bisitatzeko azken eguna, eta, bitartean, astelehenetik zapatura, 17:30etik 20:30era egongo da zabalik. Ekin Emakumeak Elkarteak adierazi duenez "oso harrera ona" izaten ari da eta "pozik" daude orain artekoarekin.