2022. urtean sartu zen indarrean TAO sistema Erguin auzoan, Udalpe eta Itxaropena kaleetan izan ezik. "TAO sistematik kanpo geratze horrek arazoak sortu dizkie kale horietako bizilagunei azken urte hauetan, aparkatzeko zailtasunekin eta trafiko fluxua handituz", azaldu du Maider Morras alkateak.
Hori dela eta, bi kale horietako bizilagunek arazoari konponbide bat emateko eskaera egin zien Udalari, hain zuzen, kale horietan TAO sistema ezartzeko eskatuz. "Ordenantza aztertu ostean, eta bideragarria zela ikusita, hala egin dugu. Izan ere, 2022an ez zen ondo neurtu Udalpe eta Itxaropena kaleak TAOtik kanpo uztearen eragin negatiboa, eta hori konpontzea lehentasunezkoa izan da auzotarrentzat eta Udalarentzat", gaineratu du alkateak.
Txartela eskuragarri dago
Modu horretan, urriaren 27tik aurrera salbuespena amaituko da, eta Erguin auzoak sistema bera izango du indarrean. Esan moduan, Udalpe eta Itxaropena kaleak bertakoen aparkalekuak izatera pasako dira eta, beraz, Erguingo auzotarrek izango dute han aparkatzeko aukera. Dagoeneko bi kale horietako bizilagunek eskatu dezakete egoiliarren txartela TAOren bulegoan (Olarte kalea, 16). Bulegoko ordutegiari dagokionez, astelehenetik egubakoitzera, 08:30etik 16:15era egongo da zabalik. Telefonoz ere eskatu daiteke informazioa, honako zenbaki honetan: 943 10 10 06.
Ordenantza berrikusiko dute
Udal Gobernuak hainbat ordenantza berrikusiko ditu datozen urteetan, eta horien artean dago TAOrena. "Oraintxe bertan terrazen ordenantzaren azken prozesuan gaude. Prozesua bukatutakoan, abendu inguruan, TAOren berrikuspenari ekingo diogu", azaldu du Morrasek.
Hala, prozesu hori 2026. urtearen hasieran hastea espero du alkateak. "Horretarako auzotarren parte-hartzea sustatuko dugu, auzokideen eskaerak entzun eta sistema sinpleago bat bilatzeko. Erabiltzaileek ere haien iritziak emateko aukera izango dute", bukatu du.