Iazko irailean hasi zen Txikitxu-Arrostaitz taldea urteurreneko ekintzekin; Sutan, Janzten, Ereiten, Oroitzen eta Zeharkatzen izan dira orain artekoak, eta Lotzen izan da gaurkoa. Bi orduko ekitaldia izan da, eta taldeak izan duen bilakaera irudikatu nahi izan dute antolatzaileek, euskal dantzak eta moduak asko aldatu direla iritzita, egoera eta garai berrietara moldatuz; tradizioetatik gaur egunera arteko bidea egin dute, dantzak tartekatuz. Banakoa da, esate baterako, bilakaera horren adibideetako bat, tradizionalki gizonek egin izan duten dantza bada ere elkarrekin egiten baitute egun guztiek, genero rolak aldatuz doazela iritzita.
Horrez gain, honako dantza hauek dantzatu dituzte: Agintariarena; Kaxkarrotz, fandago eta arin-arina; Esku dantza; Gasteizko; Arbolito; Jota nogalera; Iribas; Makil txiki; eta Batzen. Txikitxuk eta Arrostaitzek, berriz, dantza berezi bana egin dute.
Une hunkigarriak
Ekitaldian izan dira une hunkigarriak ere: batetik, omenaldia egin diete Marga Mercader eta Eugenio Garciari, eurak izan baitziren Txikitxu taldearen sortzaile duela 55 urte, gazteenei dantzak erakusteko asmoz; eta bestetik, aitortza egin diete Maite, Ane eta Gorkari ere, antolaketa lanean buru-belarri aritzeagatik. Are gehiago, ekitaldia amaitzean, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak ere eskertza egin die Mercader eta Garciari, eurek antolatzen dituzten omenaldi guztietan egoten direlako dantzan eta txistua jotzen.
Dokumentalaren estreinaldia
Urratsak sendo, oinak arin dokumentala ondu du Txikitxu-Arrostaitzek; 35-55 urteak laburtzen dituen lana da, "tradizioa, lana, komunitatea eta herrigintza uztartzen dituen istorio bizia". Gaur aurreratu dute ikus-entzunezkoaren zati bat, eta iragarri dute abenduaren 28an estreinatuko dutela, Amaia Antzokian.