Rafael Fernandez Zubiagak 1956an irekitako denda berregokitu egin dute haren bilobek, eta emaitza agerikoa da: 500 metro karratuko espazio zabala, barne diseinuan oinarritua eta taldearen sail guztiei –dekorazioa, koltxoiak, sofak– osotasuna emango diena. AM Barne Diseinuak izenarekin, inaugurazio ekitaldia egingo du Grupo Amuebladora Mondragonesa taldeak gaur, hilak 17, 19:00etatik 21:00etara bitartean.
Interiorismo emozionala
Amari erreleboa hartu berritan, Leire eta Jon Gonzalez Fernandez neba-arrebak dira taldearen arduradunak, eta Leirek artatuko ditu espazio berrira bertaratzen direnak. Barne Diseinuan graduatua eta barne-diseinatzaile moduan kolegiatuta dago, eta ehuneko ehunean inplikatzen da bezeroarekin: "Haren bizimodua, gustuak, errutinak eta beharrak ezagutzea da lehenengo pausoa, norberaren beharretara egokitutako diseinu funtzionala eskaintzeko. Espazio bakoitzak bertan bizi denaren esentzia islatu behar duela uste dugu, ez baita berdina musikari baten edo gamer baten etxea diseinatzea, adibidez", azaldu du Gonzalezek. Adierazi du espazio funtzionalak, irekiak eta garbiak direla gaur egungo joera nagusiak. "Ez dugu gure etxebizitzaren esklabo izan gura, nahiago dugu lau gauza ondo ipinita eduki. Badago etxea gainkargatuta egotea gustatzen zaion jendea, baina gehienek sinplea gurago dute".
'SHOWROOM' PARTE-HARTZAILEA ERE BADAUKA 500 METRO KARRATUKO ESPAZIO ZABALAK
Elkarlanerako espazioa
Haren esanetan, "espazio berri hau tradizioaren eta berrikuntzaren arteko zubia izango da, eta interiorismo emozionalari, zaharberritze integral eta partzialei eta arimadun giroak sortzeari emango die garrantzia. Bestela esanda, norbere etxearen itxurak islatzen du norberaren egoera emozionala; hau da, zure etxeak zuregatik hitz egiten du". Hala, gaineratu du barne diseinuetan "emozioek eta kolorearen psikologiak funtsezko zeregina" betetzen dutela.
Egongela, logela, sukalde, komun… etxeko eremu guztietarako soluzioak eskaintzen ditu AM Barne Diseinuak, "obra-zuzendaritzatik eta gremioen koordinaziotik hasi eta altzarien, dekorazioaren eta akaberen hautaketaraino, xehetasun guztiak zainduta proiektu paregabeak, funtzionalak eta harmoniatsuak lortzeko". Hain justu, azkenaldian bezero askok eskatu diete gremioen arteko koordinazioaz arduratzea, eta horretarako propio pentsatutako showroom parte-hartzailea diseinatu dute: "Arkitektoek, barne-diseinatzaileek eta eraikitzaileek ideiak partekatu, materialak aukeratu eta proiektu berriei forma emateko topagunea da, elkartrukerako, sormenerako eta inspiraziorako gune irekia".
Izan ere, AM Barne Diseinuan zinez sinisten dute elkarlana dela bezeroa asebetetzeko modurik onena: "Prozesuan zehar haien esker oneko mezuak jasotzea da satisfazio handiena, gurekin zein gustura dauden jakitea".
Tokiko produktua lehenetsiz
Gainera, kalitate, iraunkortasun eta diseinu-balioak partekatzen dituzten tokiko fabrikatzaileekin egiten dute lan Grupo Amuebladora Mondragonesan. "Beti saiatzen gara euskal produktua eskaintzen; hartara, gure inguruko enpresa-ehuna babesten dugu, hurbiltasunaren, artisautzaren eta iraunkortasunaren aldeko apustua eginda. Arrasateko, Oñatiko, Azpeitiko eta Zarauzko hornitzaileak dauzkagu, eta haiengana joaten gara bezeroarekin,horma-armairuak, jantzigelak eta sukaldeak lehen eskutik ikusteko. Hori da altzari pertsonalizatuak lortzeko modurik zuzenena", adierazi du Gonzalezek.
Bestetik, muntatzaile propioak ere badituzte, enpresa barruko profesionalak, proiektu bakoitza diseinatutako dedikazio eta arreta berarekin instalatuko dela bermatzen dutenak.
Taldea, osasuntsu
Bai taldean bai AM Barne Diseinuan etengabeko bilakaeran daude. Hango eta hemengo azokak bisitatzen dituzte, joeretan, materialetan eta teknologian eguneratuta egoteko eta une oro onena eskaintzeko prest jarraitzeko. "Geure burua berrasmatzea gure esentziaren parte da: diseinurako eta etengabeko ikaskuntzarako grinak mantentzen gaitu bizirik eta orainarekin konektatuta".
Izan ere, 70 urteko ibilbide luzean taldea hazi eta dibertsifikatu egin da, eta enpresa eta lerro espezializatu berriak gehitu ditu: Fama Living Bilbao, Fama Living Durango, Sentix Durango eta Arrasateko Dekora-Leku, Sofa-Leku eta Koltxoi-Leku. Bakoitzak bere izaera propioa eskaintzen du, baina helburu beraren barruan: bezero bakoitzaren beharretara egokitutako diseinuko eta erosotasuneko irtenbideak eskaintzea.
Ildo beretik, AM Barne Diseinuan adimen artifizialeko teknologia eta fotorrealismo-sistemak txertatu dituzte, bezeroari proiektua gauzatu aurretik aurreikusteko aukera ematen diotenak: "Tresna horiei esker, zure etxebizitza, etxea edo merkataritza-espazioa zaharberritzeari ekin aurretik nola geratuko den ikus dezakezu. Teknologia horrek diseinua bezeroarengana hurbiltzen eta haren ikuspegia modu zehatzagoan eta emozionalagoan gauzatzen laguntzen digu".