Liburutegiaren egunaren harira, belaunaldien saretzea ahalbidetzen

Hasier Larrea 2025ko urr. 18a, 09:38

Izaskun Fernandez, 'Conservando memoria' antzezlanean, haren aitaita-amamen argazkia duten potoak erakusten.

Datorren astean Liburutegiaren Egunaren bueltako hiru jarduera "xume" jarriko ditu herritarren eskura Udal Liburutegiak. Ohi bezala, familiei begirako programazioa ondu dute, baina baita pertsona nagusiak "hunkitzeko" moduko antzerkia ere, hilaren 22an.

Liburu eta dokumentazio artxiboa baino gehiago dira liburutegiak; bertako langileek herriko kulturaren dinamizatzaile gisa daukate euren jarduna. Halaxe uste du Arrasateko Udal Liburutegiko arduradun Asun Agirianok. Ekintza ikusgarriak egiteko gaitasuna dute, horretarako baldintzak betetzen direlako: "Kulturarekin sentsibilizatuta dagoen Udala, eragileak eta herritarrak dauzkagu alboan. Eurei eskerrak, askotariko gustuak asetzera iritsi gaitezke, esaterako, Liburutegiaren Eguna baliatuta".

Urriaren 24an izango da hori, eta udazken garaian egitarau indartsua aurkezteko aitzakia emango die, beste urte batez. Kasu honetan, astebete iraungo duen ekitaldi sorta bat programatu dute, hiru osagairekin: hilaren 21ean, Santa Marinako liburutegian, ingeniaritza tailerra izango dute LHko ikasleek; hilaren 22an, Conservando memoria antzezlana taularatuko dute Kulturaten; eta hilaren 24an, azkenik, Adabaki clown ikuskizuna aterako dute kalera.

Elhuyarrekin trebatzen

Esan bezala, lehenengo saioa Santa Marinako auzo liburutegian egingo dute, datorren martitzenean, 18:00etan. Lehen Hezkuntzako bigarren eta seigarren mailara arteko ikasleek ingeniaritzarekin lotutako gaiak landuko dituzte, Elhuyar fundazioko kideek dinamizatuta. Helburua, Agirianoren hitzetan, haurrak protagonista sentitzea da: "Esperimentaziorako gonbidapena eginda, haurrek autonomiaz jarduteko aukera izaten dute. Ipuin kontaketa saio batekin konparatuta desberdina da; parte-hartzaileagoa, esan dezakegu. Badira bizpahiru urte eraikuntza, esperimentu zientifikoak eta ingeniaritza estiloko tailerrak egiten hasi ginela haurrekin, gurasoek lagunduta, eta oso arrakastatsuak izaten dira". Hori horrela, beharrezkoa izango da izena ematea, arrasate.eus-en bitartez.

Aitaita-amamak gogoan

Antolatzaileen apusturik handiena eguaztenean etorriko da: Kulturaten, 19:00etan, Logroñoko El Patio konpainiak oroimena erdigunera ekarriko duen Conservando memoria antzezlana aurkeztuko du. Izaskun Fernandez aktoreak bere lau aitaita-amamen garaian murgilduko ditu ikus-entzuleak: "Oroitzapen pertsonal eta intimoak kontatuko ditu, lehengo janari, jolas, ohitura, berba eta abestiak mahai-gaineratuta, eta objektuak erabilita".

Nori gomendatuko liokeen galdetuta, Agirianok berehala erantzun du: "Helduei, baina bereziki pertsona nagusiei; aitaita-amamekin kultur ikuskizunetara joatea ez da ohikoena izaten, baina nik hori egitera animatu gura ditu arrasatearrak. Ausartu, merezi du eta! Nik Errioxako herri txiki batean ikusi nuen obra, eta pertsona nagusi dezente bertaratu ziren. Asko hunkitu ziren antzezlanarekin, oso emotiboa izan zen!".

Gaiari helduta, primizia bat ere eman du udal liburutegiko arduradunak: "Antzezlan hori ikusi nuenean ideia bat otu zitzaidan, eta jada hasi gara lantzen hezkuntza arloko eragileekin. Datorren ikasturtera begira, belaunaldi arteko harremanak garatzea helburu izango duen proiektu potolo bat daukagu esku artean. Ikasleek eta egoiliarretako erabiltzaileek bat egingo duten topaketetan egongo da oinarrituta".

Osotasuna, egubakoitzean

Liburutegiaren Egunerako ere egin dituzte sukalde-lanak. Gainera, lau pareten artetik kalera irtengo den egitasmoa izango da, eguraldiak laguntzen badu. Hala, hilaren 24an, 18:00etan, Kulturateren sarrera aurreko plazatxoan clown ikuskizuna egingo du Bapatean Zirko konpainiak, Adabaki izenekoa. Haurrentzako pentsatuta egon arren, publiko guztiak gozatzeko modukoa dela aipatu du Agirianok.

Bestetik, egun horretan, baina goizean, Arrasateko liburuzainak Donostiako Liburutegien Eguneko jardunaldietara joango direla gaineratu du, liburutegien saretzea ere sartzen delako euren eginkizunen artean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak