Surne Bilbao Basket FIBA Europe Cupeko titulua defendatzen hasi da asteon, Greziako ligako lider Peristeri taldearen kontra. Bada, bilbotarrek galdu egin zuten lehen partidua, 81-84. Porrotaz harago, data esanguratsua izango da betirako Bingen Errasti saskibaloi jokalari arrasatearrarendako. Deialdian sartzeaz gain, sei segundo jokatu zituen. Lehen laurdeneko defentsako jokaldi baterako atera zuen kantxara Jaume Ponsarnau entrenatzaileak. Ezer gutxirako denbora izan zuen, baina dagoeneko esan dezake aurten sortu berri den U Ligan –22 urtez azpiko promesen maila– debutatu duela.
Antolatzailea
Denboraldiaurrean hainbat lagunarteko jokatu ditu talde nagusiarekin, eta aste barruan lehenengo taldearen dinamikan dabil. Joko-antolatzailea da, 18 urte bete berri ditu, 1,93 metro neurtzen du eta Ointxe! klubaren harrobiko jokalaria da.
"Alebin eta infantil urteetan entrenatu nuen. Urte oso garrantzitsuak jokalari baten
oinarriak eraikitzen hasteko. 2007ko talde hura oso polita zen; haietako gehienak, lagunak eta kuadrilla berekoak. Txikitatik ikusten zen ilusioa zuela, eta ikasteko gogo handia. Beti prest zegoen hobetzeko, eta haren lehiakortasuna taldekideei kutsatzen zien. Adibidez, pandemian egoera zailetan entrenatzen ginen, baina Bingenek ez zuen inoiz amore eman", esan du orduko entrenatzaile Iñaki Ogara Arri-k.
Lagunen babesa
Etxekoak eta 2007ko talde hartan talde kide izan zituen lagunak egon ziren harmailetan Europakoa ikusten. "Gure nazionaleko jokalariak diren haren lagunek baimena eskatu zidaten debuta ikustera joateko. Ez ziren entrenatu, baina halakoak egun oso bereziak izaten dira. Ez bakarrik kirol mailan duen garrantziagatik, baizik
eta erakusten duelako lanak eta saskibaloiarekiko apustuak saria duela. Ointxe!-n harro gaude Bingen bezalako jokalariak gure etxetik ateratzen ikusteaz. Gure apustua argia da: harrobia, lana eta hezkuntza balioetan oinarritutako formakuntza", azpimarratu du.